Goizutrail lasterketa maiatzaren 11n eginen dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 6a, 06:30
Binaka lehiatzeko aukera ere eskainiko du aurten Goizutrailek.

Izen-ematea zabalik da www.herrikrosa.eus atarian. Ibilbide luzea egiteko 20 euro eta laburrerako 15 ordaindu beharko da

Mendizaleentzako Goizutrail lasterketaren seigarren edizioa izanen dute maiatzaren 11n, larunbatean, Goizuetan. 

Ibilbide luzea, laburra eta bikoteka aukeran

Aurten hiru aukera eskaini dituzte: ibilbide motza (hamar kilometrokoa) eta luzea (hogeita bortz kilometrokoa) ez ezik, bikoteka egiteko aukera eskainiko dute. Azken hori aukeratzen duten bikoteei dagokionez, partaide batek 10 kilometro eginen ditu laster; eta bertzeak 15 kilometro.

 

Izen-ematea

Izen-ematea zabalik da dagoeneko eta www.herrikrosa.eus atariaren bitartez egin daiteke.

25 kilometroko ibilbidea egiteko 20 euro; hamar kilometrokoa egiteko 15; eta bikoteka parte hartzeko 40 ordaindu beharko dituzte; egunean bertan izena ematen dutenen kasuan, berriz, bost euro gehiago. Bestalde, goizuetarrek %5eko deskontua izanen dute.

Korrikalariek lasterketa egunean dortsalak plazan hartu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun