Helpbidea proiektua Aranon eta Goizuetan aurkeztu dute maiatzaren 2an

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 3a, 07:27

Maria Jose Beaumont kontseilaria eta Isabel Anaut, Babes Zibileko zuzendaria, azalpenak ematen Aranon.

Proiektuaren garrantzia azaldu diete herritarrei, batez ere larrialdi zerbitzuentzat

Nafarroako Gobernua Aranoko udalburu Ainhoa Ansa, Goizuetako alkate Unai Loiarte eta bi herrietako auzoteriarekin bildu zen maiatzaren 2an helpbidea identifikatzailaren berri emateko. Bi herrietako baserrietan jarriko diren identifikatzaileak sakabanatuta dauden eraikinen kokapena zalantzarik gabe ezagutzeko aukera ematen du. Hau erabilgarria da, batez ere, larrialdi zerbitzuentzat. 

Maria Jose Beaumont, Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Isabel Anaut, Babes Zibileko zuzendaria izan ziren azalpenak ematen. Goizuetan eta Aranon plaka identifikatzaileak eginak daude eta herritarrak animatu nahi izan dituzte horiek jartzeko. Aldi berean, udalek Metro-baserri mapa ere egin dute eta bidegurutzeetan seinalizazio horizontala jartzen ere hasiak dira.

Helpbidea proiektuak aurrera segitzen du, baita informazio bilerek ere: lehenbizikoa apirilaren 11n egin zen Leitzan eta ondotik Zubietan eta Beran ere eginak zituzten, Arano eta Goizuetakoa baino lehen. Oraindik ez da bertze bileretako datarik zehaztu, baina Arantzan, Areson, Iturenen, Etxalarren, Lesakan eta Sunbillan ere ari dira plakak, metro-baserria eta seinalizazio horizontala jartzeko lanak egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun