«Munduko onenen artean egoteko lanean jarraituko dut»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 4a, 10:00

Adur Etxezarretak munduko herrialde asko ezagutu ditu eskiari esker.

Adur ETXEZARRETA REZOLA Aresoko eskiatzailea

Aurten munduko eski txapelketan (Aren, Suedian) parte hartu du Adur Etxezarretak. Ametsa egia bihurtuta, 2022an Txinan izanen diren Olinpiar Jokoei begira dago.

Eskiak soinean, makilak sustengu, bidean arrastoa uztea lortu du Adur Etxezarretak (Areso, 1996). Gaztea da, munduko txapelketan izan den gazteenetarikoa. Halere, argi du bere bidea: «eski munduan jarraituko dut, ikasketak baztertu gabe».

Noiz jantzi zenituen eskiak lehendabizikoz?
Bost urte nituela, gurasoekin Formigalera joan nintzenean. Ez nuen esperientzia ona izan, tibia puskatu nuen egun hartan...

Ondoren Nafarroako eski taldean hasi zinen...
Bai, lasterketetan hasi nintzenean, 9-10 urterekin, eman nuen izena. Eski taldean hasi aurretik Luz Ardidenen eskiatzen nuen gurasoekin. Han  frantziar gaztetxoek lasterketak egiten zituztela ikusi nuen eta horrek inbidia eragin zidan. Gurasoek Nafarroako Federaziora deitu zuten non entrenatzen zuten jakiteko. Proba bat egin ondoren, eski taldean hasi nintzen.

«Sariek aurrera egiteko indar handia eman didate»

Eski taldean noiz sartu zinen?
11 urterekin eta junior mailara iritsi arte eski taldean egon nintzen. Junior mailara iritsitakoan, goi mailan egoteko errendimendu altuko zentro batera jo behar izaten denez, Sierra Nevadako zentroan sartzeko probak egin nituen. Zorionez, aukeratua izan nintzen eta sei urtez han egon nintzen, iaz arte. Bien bitartean, ia bi urtez geldirik egon behar izan nuen belaunean egin behar izan zizkidaten bi ebakuntzengatik. Bi urte txar horien ondoren lortutako emaitzak nahiko onak izan ziren. Hortaz, iaz Espainiako Neguko Kirol Federazioko jarraipen bereziko taldean aukera bat ematea erabaki zuten. Iaz lortutako emaitzei esker, Federazioan sartzea lortu dut eta aurtengo denboraldia haiekin egin dut.  

Hasiera hartako nolako oroitzapenak dituzu?
Izugarriak, nire bizitzako etaparik onena izan zela esan dezaket. Oraindik lagun on ditudanak ezagutu nituen... Gogoan dut lehendabiziko lasterketa, Astunen izan zen eta ez nuen ongi egin... Huraxe izan zen ordutik egin ditudan hamaika lasterketen abiapuntua.

Noiz hasi ohi dituzu entrenamenduak?
Urtero programa aldatzen bada ere, denboraldi-aurrea ekain bukaeran edo uztail hasieran hasi ohi dugu. Normalean Frantzia eta Suitzako glaziarretan edo Hego Ameriketan egiten ditugu entrenamenduak. Lehenengo lasterketara 50-60 eski egunekin joaten saiatzen gara. Lasterketa denboraldia, berriz, azaroan hasten dugu eta apirilean bukatu. Hor lasterketak eta entrenamenduak tartekatu behar izaten ditugu, tokiaren arabera. Prestakuntza fisikoari dagokionez, berriz, bakoitzak bere etxean egiten du, prestatzaileak bidalitakoaren arabera. Dena dela, fisiko kontzentrazioak ere egiten ditugu, bereziki Sierra Nevadako errendimendu altuko zentroan. 

Zertan aldatu zaizkizu entrenamenduak Espainiako Neguko Kirol Federazioan hasi zarenetik?
Sierra Nevadako teknifikazio zentroan programa nahiko ona nuen baina ez nuen abiadura probetan bakarrik oinarritutako prestaketarik; orain, aldiz, bai. Entrenamenduak ere egunei eta lasterketa-egutegiari dagokionez, osoagoak dira eta baliabide asko (materiala, entrenatzaileak...) ditut eskura.

Zein modalitatetan moldatzen zara hobe?
Junior mailan hasieran modalitate guztiak egiten nituen, baina abiadura probetan espezializatu naiz. Erraldoian eta slalom probetan ongi moldatuagatik, abiadura probetan beti hobe ibili naiz. Eskiatzaile moduan eta fisikoki ditudan ezaugarriak egokiagoak direlako edo...

Otsailean munduko eski txapelketan izan zara Aren (Suedia)...
Esperientzia aberasgarria izan dela esan dezaket, idolo izan ditudanen ondoan egotea zirraragarria izan da, egia bihurtutako ametsa. Haiengandik ikasteko aukera izan dut.

Lortutako emaitzekin pozik al zaude?
Munduko txapelketako debuta ez da erraza... Super erraldoian linearekin akats bat egin nuen eta ez nuen amaitzea lortu. Jaitsiera proban, berriz, 40. izan nintzen. Momentuan ez nintzen gustura geratu, batez ere jaitsiera libreko proba hobe egin nezakeelako sentsazioa nuen, lehen bi partzialetan akats txiki batzuk egin nituen eta... Hala eta guztiz ere, orain, niretzat lehendabiziko munduko txapelketa zela eta gazteenetakoa nintzela kontuan hartuz, nire burua nahiko ongi ikusi dudala esan dezaket.

«Munduko onengandik ikasteko aukera izan dut»

Denboraldi bukaerara arte batetik bestera ibili zara...
Bai. Ondoren, Italian izan nintzen Sarentinoko Europako Kopan, Champoluc-Antagnoden eta Sella Neveako FIS lasterketetan. Otsail bukaeratik martxo hasierara bitarte Errusian egon nintzen eta handik zuzenean Frantziara jo nuen Les Orreseko lasterketak egiteko. Ondorengo Frantziako lasterketak Auronen  eta Espainiakoa Baquiera Bereten egin nuen eta denboraldia Tigneseko (Frantzia) lasterketekin bukatu nuen apirilaren 5ean.

Hurrengo denboraldirako prestaketak non eginen dituzu?
Ziurrenik Suitzan eta Hego Ameriketan.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari zara... Nola uztartzen duzu?
Urte hasieratik apirilean denboraldia bukatu arte ia ezin izaten dut unibertsitatera joan... Apiriletik ekainera bitarte ahal dudan guztia gainditzen saiatzen naiz. Ez da erraza. Erritmo motelagoa daramat, baina argi dut ikasketekin jarraitu behar dudala. 

Orain arte eskien gainean egindako ibilbidea, nola baloratuko zenuke?
Gora-beheratsua izan da. Junior mailan hasi nintzenean maila eta garapena erakutsi nuen, baina ondotik bi denboraldi galdu nituen. Bi urte horiek oso zailak izan ziren. Urte garrantzitsuenetan, lehiakideak aurrera egiten ari ziren heinean, neure burua kanpoan ikustea ez zen erraza izan... Psikologikoki oso gaizki pasa nuen...

Bidean sari andana irabazi duzu...
Ez dakit zenbat izanen diren, baina horietako bakoitza garrantzitsua da. Kirol honek sakrifizio handia eskatzen du: etxetik kanpo denbora asko pasatzea, ordu askoz entrenatzea... Sariak eskuratzean hori guztia ahaztu eta ahaleginek merezi izan dutela ikusten dugu eta hori garrantzitsua da.

Zein dira, etorkizunera begira, zeure buruari jarri dizkiozun erronkak?
Azken urteotan bezala, aurrera egin eta munduko onenen artean egon nahi nuke. 2022an Txinan izanen diren Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzea ere gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun