Helpbidea proiektua ezagutarazteko bilerak ostegunean Aranon eta Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 30a, 08:54

Areson ere baserri eta etxebizitza sakabanatuei identifikatzaile bat jarri diete eta horiek paneletan bildu dituzte.

Udaletxean bilduko dira, Aranon 17:30ean eta Goizuetan 19:30ean. Baserritarrak edo etxebizitza sakabanatuetako herritarrak bertaratzea «guztiz komenigarria» dela adierazi dute.

Mendialdean bizi direnek badakite herriak «leku zoragarriak» direla bertan bizitzeko. Naturak eskaintzen dizkien paisaiak eta nekazaritza eta abeltzaintzak zaindutakoak «ederrak» dira, eta  bizimodua «lasaia» da bertan. Baina, paisai horren barruan, baserriak mendietan modu  sakabanatuan egoteak baditu eragozpenak ere, larrialdi egoeretan esaterako. Larrialdi baten aurrean, larrialdi zerbitzuak, noizbait aurkitu izan dira baserriren bat aurkitu ezinda, eta horren ondorioz kalte material eta pertsonalak larriak izan daitezke.

Etxebizitza bakoitzarentzat identifikatzaile bat

Zonaldeko Udalak arazo honen jakitun dira, eta azken urteetan, Nafarroako Gobernua (Suhiltzaileak, Osasun Saila, Foruzaingoa, Babes Zibila eta Informatika) eta Tracasa enpresa publikoarekin elkarlanean aritu dira sakabanatutako etxebizitza hauek lokalizatzeko modu egoki baten bila. Horrela, arazo honi aurre egiteko modurik onena, etxebizitza bakoitzarentzat Helpbidea izeneko identifikatzaile bat erabiltzea dela ondorioztatu dute, hau da, zonaldeko edozein eraikuntzari nolabaiteko NAN zenbaki bat egokitzea. Helpbidea identifikatzailea ez da denboran zehar aldatuko, eta larrialdi zerbitzuek ezagutuko dute.

Herriko baserrietan eta etxebizitza sakabanatuetan jartzeko plaka batzuk egin dituzte

Aranoko, Aresoko, Goizuetako eta Leitzako Udalek, identifikatzaile hauek lortu eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, plaka batzuk egin dituzte beren herrietako baserri eta etxebizitza sakabanatuetan jartzeko. Etxebizitza bakoitzean, bere identifikatzailea eramango duen plaka jarri beharko da, hortaz, Udalak ezarriko duen irizpidea jarraituz, beti ere leku ageriko batean, larrialdi zerbitzuek hauek ikusi ahal izango dituzten eran.

Herritarrek, 112ra deitzearekin, kode hau jakinarazteko ohitura hartu beharko dute hemendik aurrera, euren larrialdia jakinarazterakoan. Kode hau gertukoei ere jakinaraztea gomendatzen da, larrialdia sufritzen ari den horren ordez, 112ra ingurukoek deitu behar izatekotan jakinaren gainean egoteko.

Honekin orain arte baserri sakabanatuak aurkitzeko larrialdi zerbitzuek izandako hutsuneak edo ezinak arintzea dute helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun