Plazaolako Bide Berdearen eguna ospatuko dute maiatzaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 30a, 08:30
Heldu eta haurrentzako proposamenak bildu dituzte Plazaolako Bide Berdearen egunean.

Oinez zein bizikletaz egiteko ibilaldiak eta hainbat jarduera eskainiko dituzte

Heldu den igandean, maiatzaren 5ean, Plazaolako Bide Berdearen eguna izanen da. Aurreko urteetan bezala, bide berdeaz eta inguruaz gozatzeko moduko egitaraua prest dute: oinez edo bizikletaz egiteko ibilaldiak, trial desafioa, pintxo potea, artisau-azoka, haurrentzako animazioa eta argazki-erakusketa izanen dira Plazaolako Bide Berdean eta Lekunberrin.

Garai bateko trenbide zaharra nola eraberritu duten ikusteko aukera izanen dute bisitariek. Horretarako, 4, 10 edo 15 kilometroko ibilaldiak antolatu dituzte bizikleta edo oinez egiteko. Oinezko ibilbideak 9etan, Leitzatik Lekunberriko geltokira, eta 10:00etan, Latasatik Lekunberriko pilotalekura, abiatuko dira eta 15 eta 10 kilometro arteko luzera izanen dute, hurrenez hurren. Ibilbidea bizikletaz egiteko aukera ere izanen da: 10:00etan abiatuko dira Leitzatik eta 10:30ean  Latasatik. Helduei zuzendutako irteerak dira eta Kirolmank eta Mendibil BTT taldeko gidariak arituko dira gidari lanetan. Gainera, parte hartzaileen artean bertako produktuen sorta bat zozketatuko dute.

Oinez edo bizikletaz ibilbidea osatzen dutenen artean bertako produktuen sorta bat zozketatuko dute.

13:00etan trial desafioa ere izanen da Funbox Factoryko pilotoen eskutik eta 12:30ean Plazaolako Kantinan pintxo-potea. 11:00etatik 15:00era bertako hainbat produktu erosteko aukera ere izanen da artisau-azokan eta 12:00etatik 14:00etara Amaia Iparragirreren Argazki eta Olerki argazki erakusketa bisitatzeko aukera izanen da Mitxausenean.

Ttikienentzat ere hainbat proposamen bildu dituzte. Itzulipurdika taldeak girotuko ditu ekintzak eta Lekunberri eta Mugiro arteko bidea familian egiteko aukera ere izanen da. Txutxu trena ibiliko da Lekunberrin barna eta puzgarriak eta kuatrizikloak ere izanen dira. 

Plazaolaren Bide Berdea

Plazaolaren ibilbide zaharra Larraun eta Leitzaran bailaretan barrena joaten da, eta, birgaitu denez geroztik, 43 kilometro dauzka (21 Nafarroan), Lekunberri eta Gipuzkoako Andoain herria lotuz. Lekunberriko tren-geltoki zaharra 1998an zaharberritu zen, eta Plazaolaren Turismo Partzuergoaren eta Turismo Bulegoaren egoitza da gaur egun. Artisautza-denda bat dauka, baita proiekzio-gela bat ere, eta bertaratzen denak trenaren historiari buruzko erakusketa ikus dezake bertan, baita bagoi bat ere, txikienen gozamenerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun