Kirol Eguna izanen dute Leitzan larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 29a, 18:00
Gisa guztietako jokoez gozatzeko aukera izanen dute.

Kirola egiteko eta ikusteko aukera izanen da goiz eta arratsaldez

Leitzako Udalak eta Anikote Kirol Elkarteak antolatuta, Kirol Eguna izanen dute maiatzaren 4an, larunbatean, Leitzan. Gisa guztietako kirol-jokoetan parte hartzeko aukera bikaina izanen dute herritarrek.

Goizean herriko kiroldegian bilduko dira. 09:30ean gorputzak berotzen hasteko areto-futbola izanen dute eta ordubeteren buruan eskuek hartuko dute baloiaren gidaritza.Izan ere, 10:30ean hasita eskubaloian jokatzeko bilduko dira kirolzaleak. 11:30etik aurrera erakusketak hasiko dira: herri-kirol, atletismo, karate, Break Dance, dantza moderno, haur dantza eta euskal dantza saioak izanen dira.

Goizean kiroldegian eta arratsaldean frontoian bilduko dira

Arratsaldean, frontoia izanen da bilgune. 16:00etan pilota partidak hasiko dira eta 16:30etik 19:00 arte gisa guztietako jarduerak izanen dira: joko-tradizionalak, mini-golfa, arku-tiroa, eskalada, puzgarriak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun