Aresoko Engraxi Marzolek 100 urte bete ditu

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 17a, 12:18

Otsaida etxean jaio zen 1919ko apirilaren 16an. Bost senidetatik hirugarrena da eta beti neskame ibili izan da. Areson eman du bizitzaren zatirik handiena, baina azken 27 urteetan Tolosan bizi da. Bertan jaso zuen familiakoen bisita eta bazkari eder batekin ospatu zuten zenbaki borobila.

Sasoiko dago Engraxi eta ehun urte bizkar gainean izanagatik, ez du geldirik egoteko asmorik. Familiako kideek esan digutenez, «haruntza eta honuntza ibiltzea gustatzen zaio. Egunero mezara joan izan da eta gaur egun ere bere kabuz joaten da». Garai berrietara ere ederki egokitu omen da «ederki ibiltzen du mugikorra!». Bere burua asko zaindu izan omen du: «ariketa asko egin eta gutxi jan» eta Engraxi berak dionez, «ongi zaindu eta errezatuta» iritsi da 100 urte izatera. Urte askoan Engraxi!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun