Gobernuak Leitzako Helpbidea proiektuaren nondik norakoak aurkeztu ditu

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 12a, 08:30
Jende dezente bildu zen Helpbidea proiektuaren aurkezpenean.

Proiektuak, besteak beste, larrialdi egoeran dauden baserriak errazago identifikatzen eta erantzun azkarra ematen lagunduko du

Herrigunetik kanpo dauden eraikinen kokapena ezagutzeko, Helpidea proiektua Nafarroako zenbait baserritan dagoeneko martxan da dagoeneko. Beste zenbait herritan Nafarroako Gobernuak horren berri emateko informazio-bilerak eginen ditu.

Atzo, apirilaren 11n, Leitzako Udaletxean aurkeztu zuten eta hurrengoak Zubietan, Beran, Goizuetan eta Aranon eginen dira. Bilera horietan herritarrei proiektuaren berri emanen zaie. Informazioa helaraztearekin batera, larrialdi kasuetarako indentifikazio-plaka jartzeak duen garrantzia azalduko dute.

Herritarren inplikazioa «funtsezkoa»

Leitzan egindako aurkezpenean Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek hori nabarmendu zuen: «Larrialdi zerbitzuek eta gainerako zerbitzu publikoek herritar guztiengana behar den moduan iristeko aukera izatea nahi dugu. Horretarako, proiektu hau funtsezkoa da, eta eskerrak eman behar dizkiot Leitzako Udalari, eta beste herrietako udalei ere, proiektu hau garatzearen alde egin duten lanagatik. Orain, herritarren txanda da, haiei dagokie inplikatu eta parte hartzea, pertsona guztiendako eta bereziki lekurrik urrunenetan edo komunikaziorik txarrenak dituztenetan bizi direnendako arretaren hobekuntza hau gauzatu ahal izateko».

Ondoren, Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendari Isabel Anautek, Lurraldeko Informazio Sistemen (SITNA) ataleko buru Fernando Alonsok eta Oronoz-Mugairiko Suhiltzaileen Parkeko sarjentu Javier Ayarrak proiektuaren xehetasunak azaldu zituen.

Helpbidea web aplikazioa API SITNA deritzonean oinarritutako web-bisore geografikoa da, Nafarroako edozein posta helbide aurkitzeko aukera eskaintzen duena, izan ere, landa-eraikin bakoitzak adiera bakarreko identifikadorea du geolokalizatua izateko.

Aplikazioak hainbat irizpide konbinatzen ditu Nafarroako posta helbide bat aurkitzeko: udalerria, entitate berezia, bidea, ataria, etxearen izena eta helpbidea IDa, eta horrek lehengo hankasartzeak eta atzerapenak saihesten ditu baserriak bilatzerakoan.

Baserri-metroa

Horrekin eta baserri-metroa izeneko mapa topologikoarekin, eraikin bakoitza modu azkar eta errazean lokalizatu eta horra iristeko bide egokiena zehaztu ahal izateko izena eta helpidea identifikadorea izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun