Leitzako 41. herri krosa larunbat honetan izanen da

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 10a, 19:00

Parte-hartze eskasagatik lasterketa egin ala ez zalantzan egon badira ere, azkenean urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Leitzako Aurrera Kirol Elkarteak herri krosa egitea erabaki du.

Ohi bezala, benjaminek, 2010-2019 artean sortutakoek, emanen diete hasiera XLI. Herri Krosari. 16:30ean abiatuko dira eta 800 metroko ibilbidea eginen dute. 17:00etan gaztetxoek (2003-2009 bitartean sortutakoek) hartuko dute lekukoa eta 2.250 metro eginen dituzte.
Maila absolutuan (2002tik aurrera sortutakoek) bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 4,5 kilometro (bi itzuli) edo 9 kilometro (4 itzuli) egin ahal izanen dituzte eta izen-ematerako orduan bietako zein eginen duten zehaztu beharko dute. 17:30ean abiatuko dira. Guztiek plazan hasi eta bukatuko dute ibilbidea.

Izen-ematea zabalik
Benjaminek eta gaztetxoek ez dute ordaindu beharko. Maila absolutuan, apirilaren 11 (22:00 arte) baino lehen izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte (Aurrerako kirolariek 8); egunean bertan ematen dutenek, berriz, 15 (Aurrerako bazkideek 10).
Izena ematerakoan izen-emate fitxa bete beharko dute eta momentu horretan jasoko dituzte lasterketa egiteko dortsala eta txipa. Azken horren alokairurako 10 euro ordaindu beharko dituzte.

Sariak
Benjaminei dominak emanen dizkiete eta kategoria bakoitzean lehenengo eta bigarren sailkatuek ez ezik, lehendabiziko leitzarrak ere trofeoa jasoko du. Gainera, izena ematen duten leitzar taldeek (gutxienez bi emakumezko eta bi gizonezkoz osatua) oilasko parea eskuratu ahalko dute (baldintza zehatzak webgunean eskura daitezke).

Sari-banaketa arratsaldean eginen da eta aurretik arratsaldekoa izanen dute Karrapean. Osasun arreta eta dutxa-zerbitzua eskainiko dute, herriko kiroldegian.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun