Leitzako Udalak ere klima eta energiari buruzko Alkateen Ituna sinatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 7a, 11:05
Leitzako Udalak klima aldaketari eta energiari buruzko Alkateen Ituna sinatu du.

Helburua 2030erako negutegi efektua sortzen duten gasak %40 murriztea eta klima aldaketari aurre egitea da

Leitzako Udalak egindako azken udalbatzarrean klima eta energiari buruzko Alkateen Ituna sinatzea adostu zuen. Ingurumenaren zaintza, klima aldaketa eta energiaren inguruko kezka elkarbanatzen duten hainbat administraziok hitzarmenarekin bat egin dute.

Itun hori sinatzearekin batera hainbat dira Udalak begiz jo beharreko helburuak: lurraldea deskarbonizatzeko urratsak ematea, klima aldaketara egokitzeko gaitasunak indartzea, herritarrek energia modu seguru eta jasangarrian jasotzea...

Udalak, bere aldetik, hainbat konpromiso hartu ditu: «CO2 isuriak murriztea eta klima aldaketaren eraginera egokituz erresilientzia handitzea», esaterako. Konpromisoak eginkizun bihur daitezen, atalez ataleko planteamendua bere egin du. Horrela bada, hasteko, isurien inbentarioa eta klima aldaketak eragindako arrisku eta kalteberatasunen ebaluaketa eginen du; ondotik, klima eta energia jasangarrirako ekintza plana aurkeztuko du; eta azkenik, planaren ebaluaketa eta jarraipena eginen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun