Leitzako Herri Krosean parte hartzeko deialdi berezia egin dute

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 07:30
Egunean bertan edo aurretik eman daiteke izena.

Aurrera Kirol Elkarteak apirilaren 14an ospatzekoa duten Leitzako XLI. Herri Krosaren atarian, parte hartze kopurua urtez urte «jaisten» ari dela nabarmendu du. Egoera horrek «kezkatuta» eta kroserako «bi aste besterik ez direla falta» ikusita, parte hartzeko «deialdi berezia» egin dute.

Orain arteko izen-emate kopurua «espero baino baxuagoa» dela ohartu dira. Ez dute aipatzeke utzi nahi izan egun hori antolatzeko «herritarrek borondatez egindako lankidetza» eta bide batez krosa «herri nortasunaren zati garrantzitsu bat dela» jakinarazi dute: «egunean sortzen den giro berezi hori gustuko dugu».

Krosa «kolokan»

Krosak «duela urte batzuk zuen bizitasuna berreskuratzeko» jendea parte hartzera animatu nahi dute: «tristea izango litzateke jendeak ez parte hartzeagatik hainbeste urtetan ospatu den korrika-jaialdia bertan behera utzi behar izatea».

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek egunean bertan (15 euro eta Aurrerako kideek 10) edo aurretik http://www.kronoak.com/eu atarian (10 euro eta Aurrerako bazkideek 8) eman dezakete izena.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun