Leitzako Oialde aretoan liburutegi-zerbitzua jartzeko aukera izanen dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 27a, 18:24
Liburutegia herriaren erdigunean jarri nahi dute.

Guraso Katolikoen Elkarteak, baldintzako donazioaren bidez, Oialde aretoa Udalari eman dio. Horrek liburutegia herrian kokatzeko aukerak ireki ditu.

Leitzako Udala liburutegia herriaren erdigunera ekartzeko aukerak aztertzen aspaldi hasi zen. Izan ere, gaur egungo liburutegia, «urruti samar egoteaz gain, zahazkituta geratu den azpiegitura bat da».

Udala, «modernoa, erosoa eta herritik gertuago egonen den» liburutegi-proiektua garatu nahian, kokapen bila aritu da. Horrela bada, Guraso Katolikoen Elkarteari Oialde lokala eskatu zion eta otsailean egindako batzarrean «aho batez onartu zuten baldintzapeko donazioan ematea».

Inbertsio handiak egin beharko direnez, PILeko deialdietan diru-laguntza eskaerak egiteko asmoa adierazi du: «Guraso Katolikoen Elkarteak ez bezala, Udalak deialdi horretara aurkezteko aukera izanen du».

Liburutegi horrek hainbat espazio jasoko ditu, guztiak lokal berean uztartuta. Hala nola, «haurrek etxerako lana egiteko txokoak, isiltasunean ikasteko gelak, liburu edo prentsa irakurketarako espazioa edo ordenagailu gunea» banatu nahi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun