Nor da Lierni Sestorain?
2015etik Zurichen (Suitzan) bizi den 25 urteko leitzarra.
Zergatik jo zenuen Suitzara?
Ingeniaritza informatikoa ikasi ondotik masterra egiteko Europako programak begiratu nituen eta gustukoen nituen biak Suitzan aurkitu nituen.
Hasieran zer izan zen zailena?
Ikasketa-mailara egokitzea: batetik, ingelesez hitz egitera ohitu behar izan nuen; eta bestetik, eskakizun-maila handia zen. Ordu asko eta askoz ikasiz eta inguruko jendearen laguntzaz.
Orain Googlen ari zara lanean...
Masterrean ikasketa automatikoan sakontzen hasi nintzen eta Googlen lan egiten zuen irakasle bat ezagutu nuen. Ikasketak bukatu nituenean, bere taldeko lanpostu baterako hauta-probak egiteko izena eman nuen. Aurrera egitea lortu nuen eta egun hor ari naiz.
Itzulpen automatikoen alorrean ari zara...
Bai, baliabide gutxi dituzten hizkuntzen arteko itzulpenak ikertzen ditugu.
Zein da helburua?
Hizkuntza hauen arteko itzulpena errazteko eta hobetzeko algoritmo orokor bat aurkitzeko lan egiten dugu.
Lanak ekarpen handia egin dizu...
Batetik, lanari esker masterrean ikasitako guztia praktikan jarri ahal izan dut; eta bestetik, jende eta ikerlari bikainak ezagutzeko bide eman dit.
Zeren hutsunea sumatzen duzu?
Lagunak eta familia, amaren jana eta festak falta ditut, norberaren etxeko eta herriko giroa ez dago beste inon.
Alde onak ere izanen ditu...
Bai, noski. Horri esker mundu osoko jendea ezagutu ahal izan dut eta kultura nahasketa horretan bizitzea aberasgarria da. Egunero zerbait ikasten dut.
Zenbatero egiten duzu bisita herrira?
Bizpahiru hilabetean behin bisitaren bat egitea gustatzen zait...
Etorkizunera begira zein da zure asmoa?
Egia esan ez dakit. Zurichera masterra ikasteko bakarrik etorri nintzen eta momentuz gustura nago bai hirian baita lantokian ere. Beraz, ez dut bueltatzeko asmorik. Momentuz gozatzea erabaki dut, gero ikusiko dugu denborak nora naraman.