Umore Ona elkarteko zuzendaritza batzordea aldatu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 21a, 20:00
Umore Ona elkarteko ohiko batzarra egin zuten larunbatean.

Larunbatean, martxoaren 16an, egin zuten Umore Onako ohiko batzarra. Aho batez onartu ziren aurreko bilkurari zegokion akta, oroitza-txostena, gastuak zein balantzea eta 2019rako aurrekontuen onespena.

Zuzendaritza batzordeko kideak ere zehaztu zituzten. Aurreko bost kidek eta larunbatean erabakitako beste bostek (bi urtez aldatzen direnak) osatuko dute taldea orain. Lehendakariorde Jesus Mari Apezetxea; erosketa-arduradun Pili Untxalo; diruzain Fermin Narbarte; eta bi bokalak, Eli Apezetxea eta Xabier Etxegia izanen dira.

Era berean, hiru herritar gaztek elkartean izena eman zuten eta hirurak onartuak izan ziren. Joan den urtean bost sartu ziren. Urte batzuz bazkide berriak sartzeko joera izoztuta egon dela aintzat hartuz, elkarteko kideek aberasgarritzat jo dute bi urtez zortzi kide sartzea. Horiekin, 246 bazkide dira.

Bizpahiru gairi buruz eztabaida bero eta luzeak izan zituzten eskari eta galderen atalean. Giro ederra izan zuten eta ongi joan zen batzarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun