Emakume Master Cup finaletik kanpo gelditu da Iera Agirre leitzarra tanto bakarrarengatik

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 11a, 19:00

Garai-Etxaniz eta Espinar-Arrillagak jokatuko dure lehen mailako finala, emozioz betetako jardunaldian aurrera eginda

Ezin emozio eta tentsio gehiago eskatu larunbat goizean Errenteriako Agustina Otaola jokatutako lehen mailako bi finalerdiei. Bi partidak tanto bakarraren aldeaz erabaki ziren eta 1000tik gora pilotakada behar izan zituzten Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako bi bikote finalisten izenak ezagutzeko (Leire Gara-Leire Etxaniz / Patri Espinar-Mirian Arrillaga)

Lehen finalerdian, Leire Garai eta Leire Etxanizek ezinezkoa zirudien garaipen bat eskuratu zuten. Maite eta Olatz Ruiz de Larramendik esku eskura izan zuten eurentzat lehen finala litzatekeenerako txartela 14-17 aurreratu zirenean baina ez zuten partida irabazterik izan 504 pilotakada eta 48 minututako lehia estu eta orekatuan. Hori bai, ez zen aspertzeko betarik izan denera 9 berdinketa izan zituen partidan. Lehia Leire Etxanizek 5-4koan izandako orkatilako okerdurak baldintzatu zuen.

Lehen partidako emozioa handia izan zen, zer esan bigarren finalerdikoari buruz. 74 minutu eta 874 pilotakada behar izan zituzten Patri Espinar eta Mirian Arillagak finalerako txartela lortzeko. Aurreko partidaren antza handia izan zuen bigarren finalerdiak, baina oraingo honetan 17-13 atzetik joan ziren Iera Agirre-Olatz Arrizabalagak ezin izan zuten partida irauli, tanto bakarrera geratu ziren. Azken tanto luze eta piloteatuan, partidaren protagonista nagusia izan zen Patri Espinarrek (14 tanto egin zuen guztira) zabalera botatako pilota ez zuen jasotzerik izan leitzarrak.

Lehen partidan bezala, hasiera oso orekatu eta lehiatua izan du. 5-5eko tantoa izan da horren erakusle, oso tanto luze eta gogorra, lau pilotariak defentsan lurretik ibili ostean, Arrillagari ezker paretan gaiztotutako pilota batean amaitu dena. Erantzunkizunak pisu handia zuen eta urdinek defentsan jokatzea erabaki dute hasier hasieratik eta horren aurrean Patri Espinar izan da erritmoa aldatzen saiatzeaz arduratu dena. Eta Usansolokoaren ausardiak saria izan du, nahiz eta une batean garaipena errazagoa izango zela zirudien. Baina pilota ezkerrera baztertuz, Agirre-Arrizabalagak partida hamazazpina lortu ahal izan dute eta pilotazaleek beste partida bikain batetaz gozatu ahal izan dute.

 

Emaitzak:

Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi 17 / Leire Garai-Leire Etxaniz 18

Patri Espinar-Mirian Arrillaga 18 / Iera Agirre-Olatz Arrizabalaga 17

 

Bi finalak igandean

Esan bezala, finalak– promoziokoa eta lehen mailakoa– igande eguerdian jokatuko dira Zumarragako Beloki frontoian eta partida hauen aurkezpena asteartean izango da Zumarragako Antioko Interpretazio Zentroan, 12.00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun