Lehen Mailako Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak igandean jokatuko dituzte Errenterian

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 7a, 14:00

Emakume izena duen frontoi bakanetako batean jokatuko dituzte finalerdiak igande eguerdian. Argazkian, aurkezpena.

Emakume izena duen pilotaleku bakanetako batean erabakiko dira: Agustina Otaola

Berriki eraberritutako Errenteriako Agustina Otaola da Euskal Herrian emakume izena duen pilotaleku bakanetakoa eta bertan jokatuko dira igande honetan, eguerditik aitzinera, Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak. Errenteriako berdintasun eta kirol zinegotziek, Garazi López de Etxezarretak eta Jon Txaskok, eta Emakume Master Cupeko zuzendari teknikoa den Iker Amarikak aurkeztu dituzte raketista profesionala izandakoaren izena daraman pilotalekuan igandean jokatuko diren bi partida erakargarriak.

Lehen finalerdian Leire Garai eta Leire Etxanizek, euren taldeko lehenak izan ziren partidarik galdu gabe, Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi izeba-iloben aurka jokatuko dute. Lau eta erdikoan txapelaren borrokatik kanpo geratu ondotik, Etxebarriakoa gogoz biziz ari da eta binakako bere hirugarren garaipena nahi du. Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi gazteek, euren aldetik, berme guztiak ematen ari dira atzeko koadroetan.

Bertze finalerdian, Patri Espinar-Miriam Arrillaga, Leitzako Iera Agirre eta Olatz Arrizabalagaren aurka ariko dira. Azken hauek partidarik galdu gabe heldu dira. Usansolokoak, lau eta erdiko txapeldunak, ez zuen txapelketa nahi bezala hasi, baina hortik aurrera joko maila bikaina berreskuratu du eta Miriam Arrillaga gazteak ere bikain lagundu dio. Iera Agirre eta Olatz Arrizabalagak, euren aldetik, akatsik gabeko bikote indartsua osatzen dute eta txapelaren bila datoz.

 

Promoziokoak Legazpin

Aste bukaera ekitaldiz beteta dator, larunbat arratsaldean (17:00) promozio mailako finalerdiak jokatuko baitira Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Martxoaren 17an Zumarragako Beloki pilotalekuan bukatuko den bidaia zoragarriaren azken aurreko geldialdia izanen da Legazpikoa. Errenteriako finalerdia eta Zumarragako finala ETB-k zuzenean emanen ditu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun