Ibero dorreko zaharberritze-lanak aurkeztu dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 4a, 18:00

Nafarroan kontserbatzen den Erdi Aroko industria-guneen adibideetako bat da Leitzakoa

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak ostiral goizean aurkeztu zuen Iberoko Erdi Aroko dorre eraberritua, Leitzako eta Goizuetako Mikel Zabaleta eta Unai Loiarte (hurrenez hurren) alkateekin batera. Nafarroan Erdi Aroko industria-gune gutxi batzuk kontserbatzen dira, eta dorrea horietako bat da, eta, seguruenik, komunitatean kontserbatuenetarikoen artean industria-egitura zaharrena, XIV. mendekoa dela esaten baita. Halaber, aurkezpenean izan ziren Kultura - Vianako Printzea Instituzioko zuzendari nagusia, Dori López Jurío; eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria, Carlos Martínez Álava.

Erdi Aroko guneko lanak egin ziren dorrearen parajea eta Iberoko Erdi Aroko burdinola zaharra eraberritzeko eta horri balioa emateko Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak Leitzako eta Goizuetako Udalekin 2018ko maiatzaren 23an sinaturiko lankidetza-hitzarmenari esker.

Hitzarmen horretan, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen "Iberoko Dorrea" izenekoa eta zubia eraberritzeko. Bestalde, Leitzako eta Goizuetako Udalek Iberoko parajea kontserbatzea, mantentzea eta hedatzea bermatzeko beharrezko jarduerak burutuko zituzten; tartean, bertara eta ingurunera joateko sarbidea erraztea, bidexka eta parkingaren bitartez; alboko baserria kontserbatzea; eta Erdi Aroko burdinolako hondakinei balioa ematea. Halaber, auzolana bultzatuko zuten komunitatea eta lurraldea kultur ondarearen hedapenean inplikatzeko era bezala. Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak finantzatu du eraberritze-proiektua, 2017an hasitakoa, eta guztira 584.975,03 euroko kostua izan du.

Proiektua Jose Luis Franchez arkitektoak eta Nora Oroz arkitekto teknikoak idatzi dute, Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzukoak. Esku-hartze gehiena Leache SL enpresak egin du.

Erdi Aroko dorrea

Iberoko Erdi Aroko dorrea burdinola zaharreko industria-gunekoa da, eta Leitzako udal-mugartean aurkitzen da, Goizuetako herritik bi kilometro eskasera. Gainera, zubiak bi udalerrien arteko muga salbatzen du.

Gunea ibar estu batean kokatzen da, aproposa Urumea ibaiaren indarra aprobetxatzeko, hango urak Ezkurra goitik jaisten baitira. Nafarroan kontserbaturikoen artean industria-egitura zaharrenetarikoa da seguruenik, XIV. mendekoa da-eta.

Garai horretatik bizirik jarraitu dute industria-jarduera zaharrarekin zerikusia duten hainbat eraikuntzak. Haien kontserbazio-egoera desberdina zen. Dorreak erorita zituen estalkia eta solairuak duela gutxitik hona, eta zubiak zenbait akats zituen, eta mantentze-lanak eskatzen zituen. Burdinolako hondakinak erortzeko zorian daude eta baserria abandonatuta.

2011. urtean, Leitzako Udalak lursailak eta higiezinak erosi zituen, kultur paisaia berezi eta aberats hori definitzen duen ondare ukigarri eta ukiezina zaintzeko asmoarekin. Erdi Aroko dorrea eta Iberoko parajea Ondasun Inbentariatu bezala deklaratu zituzten Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Instituzioak 2014ko urtarrilaren 27an emandako 5/2014 Ebazpenaren bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun