Master Cup txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu du Agirrek

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 25a, 10:05
Iera Agirre leitzarra eskuinean.

Olatz Arrizabalagarekin bikotea osatuz, Errenterian jokatuko den Master Cup pilota txapelketako lehen mailako finalerdietara sailkatu da Iera Agirre leitzarra. Bertzalde, Naroa Elizalde zubietarrak promozio mailako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko du igande honetan Gordexolan, Araitz Eizagirre lagun duela.

Joan den igandean, otsailak 24, Orozkon jokatu zuen Agirrek, Arrizabalagarekin batera, eta erraz nagusitu ziren Ainhoa Romero eta Amaia Aldairen aurka. 18-5 irabazi zieten eta gisa honetara, eta multzoko lehenbiziko bikotea izan direnez, heldu den igandean, martxoak 10, jokatuko den finalerdietan izanen dira. Egun horretan, Patri Espinar eta Mirian Arrillaga izanen dituzte aurkari.

Promozioen mailan, berriz, Naroa Elizalde zubietarrak final-laurdenetako kanporaketa jokatuko du igande honetan, martxoak 3, Gordexolan. Eizagirrerekin bikotea osatuz, Madalen Etxegarai eta Uxue Osesen aurka ari beharko dute. Egun horretan eta martxoaren 1ean Orduñan jokatuko diren final-laurdenetan erabakiko dira martxoaren 9an Legazpin jokatuko diren promozio mailako finalerdietan ariko diren bikoteak zein izanen diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun