Puska-biltzearekin hasiko dute eguna larunbatean eta Izer eta Alabier trikitilarien eskutik, giro ederra izanen dute. Ondotik, zomorroen bazkaria eginen dute elkartean. Izen-ematea zabalik da otsailaren 21a arte, Kontsejun. Gaztetxoak Maisuenean bilduko dira, desfilea egiteko eta aurten heroiak izanen dira protagonistak. Antolatzaileek goizean zomorroz eta arratsaldean heroiz mozorrotzeko deia egin dute. Afariarekin borobilduko dute eguna eta ohiko menua izanen dute dastagai. Aldez aurretik abisatuz gero, aukera beganoa ere eskainiko dute. Afalondoan atzoko eta gaurko doinuak dantzatzeko Orkestriña Band Jazparnaren doinuak izanen dituzte.
Zahagi dantza
Era berean, Maisuenean herriko gaztetxo eta koxkorrek zahagi dantzan aritzeko gaubela egiteko asmoa dute. Data oraindik zehazteke dute.