Euskara ikasteko taldea azaroaz geroztik martxan da Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 15a, 20:00
Euskara ikasteko taldea osatu dute berriz ere Goizuetan.

Hamaika urte eta gero, aurten sortu da berriro ere euskara ikasteko taldea Goizuetan.

Nafarroa Iparraldeko Euskara Mankomunitateak kudeatzen ditu eskualdeko herrietan euskara taldeak sortzea. Horretarako, noski, baldintza jakin batzuk bete behar dira eta horien artean dago, gutxieneko ikasle kopuru bat izatea taldea aurrera ateratzeko. Azken urteetan, Goizuetan baziren euskara ikasteko interesa zuten batzuk. Baina taldea osatzera iritsi gabe. Iaz, herrietako errealitateak aztertu eta gabezi hauei erantzuna emateko asmoz, Euskara Mankomunitateak euskara taldeak sortzeko ikasle kopuruaren baldintza aldatu zuen, mila bizilagun baino gutxiagoko herrietan, 5 ikasle ordez, 3 ikaslera jeitsiz. Aldaketa honen ondorioz, 2018-2019an lortu da berriro ere Goizuetan euskara taldea sortzea.

7 ikasle dabiltza azaroaz geroztik euskara klaseak jasotzen. 6 ikasle 1. urratsean eta ikasle bat autoikaskuntza bidez B1 mailan.

Historiari erreparatzen badiogu, 2007-2008 ikasturtean 5 ikasleko talde bat egon zen Goizuetan, euskaltegiko 5. urratsean, hau da, A2 ateratzeko lehen urtea. 2006-2007 ikasturtean, berriz, hiru talde atera ziren. Talde bat 1. urratsean, beste bat 4. urratsean eta bestea EGA titulua ateratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun