Mozorroak janzteko egunak ostirala eta larunbata izango dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 31a, 06:30

Asteburu honetan ikusiko dira mozorroak Areson.

Ostiralean haurrentzako merienda izango dute eta larunbatean herriko gazteak baserriz baserri ibiliko dira inauterietan 

Otsaileko lehenengo egunetan inauteri haizeak astinduko du Areso. Otsailaren 1ean, ostiralean, 15:00etan haurrek eskolan prestatu duten mozorroa soinean jantzi eta kalejira egingo dute. Gero, merienda izango dute. 17:00etan trikitilariak izango dira plazan eta 18:00etan Lagun Artekoak herriko eskean aterako dira. Azken horiek 21:30ean afaltzeko elkartuko dira.

Otsailaren 2an, larunbatean, Lagun Artekoek, baserrietako eskean atera aurretik, gosaria izango dute. Trikitilariek lagunduta baserrietako erronda osatuko dute eta 17:30ean karroza desfilearekin bat egingo dute. Haur, gazte eta heldu, denak mozorrotu eta pesta giroan ongi pasatzeko gonbidapena luzatu dute. Gero, musika izango da plazan eta 21:00etan herri-afaria. Sarrerakoak, zopa, oilasko errea patatekin, gazta eta iragasarra, kafea, pastak eta kopa izanen dituzte. Inauteriak borobiltzeko afalondoan mozorro lehiaketa, musika eta pesta izango dituzte eta nahi duenak gaua goizaldera arte luzatu ahal izango du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun