«Urteko pestarik gustukoenak ditut inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 24a, 07:15
Mikel Illarregi atsoguratua, kuadrillako lagunekin.

Mikel Ilarregi Elberdin, leitzartutako pasaitarra

«Leitzartutako pasaitarra» dugu Mikel Illarregi, «orain dela 38 urte Leitzara etorria eta nire bizitzaren parte haundiena, eta bizipen asko eta asko Leitzan» dituena. Baina «sakonean itsasaldeko puntua» duela esanez aurkeztu digu bere burua. Irakaslea da lanbidez, «betidanik» hortan aritua, «hasieran ikastolan, gero eskolan», eta ondoren «herri txikietan» urte mordoska. Azkenaldian, berriz ere Leitzako Erleta eskolan aritu da eta aitortu digunez, Leitzan bukatuko du bere lan-bizitza. 

Ez zen geldirik egoteko jaio, eta «gauzak egiteko denbora eske» ibiltzen dela aitortu digu: «nire bizitza sozialean gauza eta toki askotan ibili naiz eta guztietan ahal dudana emanez». Bere burua «aktibista gisa» hartu du: «han eta hemen probatzea gustatzen zait, eta ondoren hoberena izan daitekeena sinetsita, horretan murgildu». Mendizalea dela ere adierazi digu: «libre dudan guztietan mendira joaten saiatzen naiz». Eta «argazkiak ateratzea ere gustatzen zait».

Zaletasun horiek alde batera utzita ospatuko ditu hainbeste maite dituen Leitzako inauteriak. Izan ere, inongo zalantzarik gabe, zera adierazi digu: «urtean zehar dauden pesta guztien artean, inauteriak dira gehien gustatzen zaizkidanak».

Ostiral arratsaldetan eskolatik antolatzen duten kalejirarekin lehertzen dira Illarregirentzat inauteriak. «Eskolatik atera eta eguraldi ona bada, bueltatxo bat ematen dugu herrian barna. Eguraldi txarrarekin, berriz, frontoira joaten gara». Batean zein bestean «jende pila» biltzen dela adierazi digu. Mozorroari dagokionez, «lehen gela bakoitzak bere mozorroa» izaten zuela eta «bi urtetik behin aldatzen» zutela esan digu: «orain, urte batean euskal inauteriak eta hurrengoan beste gai bat aukeratzen dugu. Aurten euskal inauteriez mozorrotuko gara».

 

Igandea egun seinalatua

Larunbata egun lasaia izaten da beretzat, baina ez da etxean gelditzen: «harrapatzen dudana erabiliz mozorrotzen naiz, besterik ez bada buzo bat jantzita». Igandea, ordea, egun haundia da. «Inauterietako egunik politena eta urteko juergarik luzeena», dio. «Duela urte batzuk, larunbatarekin herri-afaria egiten zen eta festa haundia izaten zen. Igande goizean, ordea, ez zen inor ateratzen. Horri buelta eman nahian, 1998an Kultur Taldekook gaueko giro hori igandera pasatzea erabaki genuen». Larunbateko herri-afaria igandeko herri-bazkariarekin ordezkatzea «denborarekin eskertu den erabakia» izan dela uste du. Gaineratu digunez, «larunbatetan ere festa izaten da eta batez ere kanpoko jende asko etortzen da, baina igandekoa indar haundiz sartu da».

Illarregik ere ederki aprobetxatzen du inauterietako igandea. «Urtero kuadrilla haundia biltzen gara. Goizean elkartu, hamaiketako ederra egin eta kalera ateratzen gara». Abenduan erabaki zuten mozorrotzeko gaia eta prestaketekin «bai aurretik eta bai egunean ere, ongi pasatzen» duela onartu digu. «Tarteka desfilean sartzen gara, gero beste toki batzuetara joaten gara...». Hori bai, «beti antzezpen»  bat egiten omen dute eta «jendearen gustukua izaten da. Gure asmoa ongi pasatzea eta ongi pasaraztea da». Eta lortzen dute: «kasik 12 ordu pasatzen ditugu kalean, umorez eta gustura». Aurtengo mozorroa zein izanen den aurreratu ez badigu ere, urteotan igandearekin denetariko gaiak landu dituztela kontatu digu: «euskal inauteriak, jubilatuak gimnasia egiten, Benidormeko turista taldea, baleta egiten, autotxokeak, mimoak... Ederki pasatzen dugu».

Igandeko ajea pasatzeko astelehena eta asteartea trankilago hartzen ditu. Bere garaian, «bost bat aldiz» ibilitakoa da baserrietako eskean eta «oso giro polita» izaten dela eta atera denetan «oso ongi pasatu» izan duela onartu digun arren, «apuru pixka bat» sentitu izan duela adierazi digu. «Baserritarrak beti oso ongi portatu izan dira eta baloratzekoa da beraien etxeetan halako inbasioa hartzea». Bere irudiko, «baldintza onetan baldin bada, mantentzea merezi duen ohitura da».  

Baina baserrietako eskean ez ibiliagatik ez da inauterietatik aparte ibiltzen. Astearte arratsaldean, esaterako, kalejiran ateratzen da: «inauterietako oinarria duen desfilea egiten dugu. Batzuk atsaureez janzten dira eta gu, 30-40 lagun, akerraz eta beste animaliez jantzita ateratzen gara txarangarekin eta herriko abesbatzarekin. Denak ere aurpegiak estalita, jendeak ez ezagutzeko moduan». Gero, «plazan dantzaren bat edo beste egin, eta bukatzean, mozorroz aldatu eta lagunekin afaltzera joaten naiz».

 

Ukitu pertsonala emanez

Ohiturak ohitura, Leitzan bizi denetik inauteriak asko aldatu direla dio, baina «aldaketak onerako» izan direla. «Gizartea aldatzen ari da eta inauteriak egokitzen joan dira. Hala behar du». Inauterietako bi une nabarmendu ditu. Alde batetik, «baserrietako ohitura; aldatu da baina esentzia mantentzen du».  Bestetik, igandeko giroa indartu zenekoa aipatu du: «inauteriak gehiago aprobetxatzeko aukera eman du».

Ez etxean ezta lanean ere. Horietan ez, baina badakigu non barna ibiliko den inauterietan Illarregi. Hori bai, «trapu zaharrekin sortu daitezkeen mozorroak» izanen ditu soinean, «ukitu pertsonala emanez», horiek direlako gustuko dituenak.  Aurpegia estalita edo gabe, aurretik prestatutako edo etxean topatzen duen lehen mozorroa jantzita, baina inauteriez gozatzera aterako da kalera. Bera bezala beste leitzar asko: «bakoitzak bere moduan gozatzen du inauterietan, eta horretan adina ez da muga».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun