«Yogak onura fisikoak, emozionalak eta mentalak dakartza»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 14a, 19:00

IÑAKI ROTETA ONECA, Aranon bizi den donostiarra

Aurkeztu zure burua.
49 urteko donostiarra naiz. Lau urte inguru daramatzat Aranon, emaztea eta hiru seme-alabekin. Osteopata naiz lanbidez.

Nolatan jo zenuten Aranora?
Nire emaztearen arbasoak aranoarrak dira eta ni ere txikitan izana nintzen. Aukera sortu zenean, gehiegi pentsatu gabe etorri ginen.   

Aldaketan zer izan zen zailena?
Etxea egokitzea, ez baitzegoen baldintza onenetan; obra eginda, dena erraza izan zen.

Zer zaletasun dituzu?
Lagunekin eta familiarekin egiten diren gehienak: kirola, mendian ibiltzea, herrikoekin garagardo batzuk hartu eta afaritxo bat egitea...

Yogako irakaslea zara...
Bai, Maisuenean eskaintzen ditut saioak. Adin guztietakoak etortzen zaizkit, sei urtetatik hasi eta hirurogeita hamabost urtera arte.

Zein dira yogaren onurak?
Onura fisikoak, elastikotasuna; baina horrez gain, fisikoki, emozionalki eta mentalki oreka lortzea; meditazioari dagokionez, espiritualtasun munduan sartzea...

Garagardoa egiten omen duzu...
Duela bospasei urte hiru lagun elkartu ginen eta horretan hasi ginen. Orain internetari esker edozer egiteko aukera dugu... Taberna genuenez garagardo upelak bagenituen... Aldiko 25 litro egiten ditugu eta nahiko ona ateratzen zaigu...

Laguntzarik izaten duzue?
Egiteko ez baina dastatzeko bai (irriz). Egiten ordu asko sartu eta segituan edan!  

Zein da garagardo ona egiteko sekretua?
Produkzioan eman beharreko 10-12 pausoen betetze zehatza. Tenperaturak, denborak, proportzioak, fermentazioak... eragin handia dute. Polita da baina konplexua.

Ardiak jezten ere aritzen omen zara...
Oso lagunak ditugun hemengo baserri bateko familiarekin. Batez ere seme-alabek baserri mundua ezagutzea (ardiak jezten, gazta egiten... ) eta jaten dugunak duen prozesua ezagutzea nahi dugu.

Zer du Aranok Donostiak ez duena?
Denboraren beste pertzepzio bat. 20 minututan Hernanin egonagatik mendien babesak edo sentsazio hori eragiten du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun