Jaialdiari hasiera emateko, Maite Perurena, Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilea, eta integrazio sozialeko teknikariak testigantzen tartea koordinatu zuen. Gure etxeetako helduak zaintzen lan egiten duten Nicaragua eta Honduraseko emakumeen testigantzak entzuteko aukera izan zen eta hala, jaialdiko protagonista nagusiak izan ziren hamabi emakumeak gehiago ezagutu zituzten. Hitz xume eta goxoen bidez, beraien esperientziak eta sentipenak kontatu zituzten.
Hori gutxi balitz, sorpresak ere izan ziren. Hala nola, Hondurasko lau emakumek abestutako beraien herrialdeko imnoa eta Nicaraguako beste batek dantzatutako dantza tradizionala. Maitasun eta esker oneko hitzez gain, Udalak nolabait beraien lana balioetsi nahi izan zuen eta bakoitzari oroigarri bana banatu zion, kanpotik etorritako emakume hauek egiten duten zaintza lana baloratuz eta herrian ematen duten zerbitzua eskertu asmoz.
Jaialdia mahaiaren bueltan bukatu zuten, Honduras, Brasil eta Nicaraguako jaki eta edariak dastatuz, guztiak ere beraiek prestatuak ilusio handiz. Eta noski, Hego Amerika eta Ertamerikako musikaren doinurik ere ez zen falta izan.