Leitzako Udalak Herri Aretoa finantzatzeko laguntza gehiago lortu du

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 20a, 17:29
Lanak 2019an bukatu nahi dituzte eta guztira 1.300.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute.

Nafarroako Gobernuari eta europar erakundeei esker kostu osoaren %67ko laguntza jaso du

Zinema Herri Areto bihurtzeko buru-belarri ari dira lanean. Dagoeneko lanak aurretatura daude eta momentu honetan eraikina husten eta berrikuntza-lanetan ari dira. 2019rako bukatu nahi dute. 

 

Lan horiek egin ahal izateko 2018an Nafarroako Gobernutik 300.000 euro jaso zituen Leitzako Udalak. Era berean, duela egun batzuk Nafarroako Parlamentuko Ogasun Batzordeak laukoak aurkeztutako zuzenketa onartu zuen. Hortaz, 2019an Leitzako Udalak 475.000 euroko laguntza jasoko du proiektua amaitzeko. Horrela bada, guztira 775.000 euro lortu dituzte.

Ez dira Gobernukoak izan jasotako laguntza bakarrak. Izan ere, europar erakundeetatik beste diru-laguntza bat ere jaso du, energia-eraginkortasuna eta isolamendurako erabiltzeko 100.000 euro hain zuzen.

Proiektu osoaren kostua 1.300.000 euro inguru izanen dela aurreikusi dute eta honela finantzatuko dutela jakinarazi dute: %60a Gobernutik, %7a europar erakundeetako diru-laguntzetatik eta gainerakoa, hau da, %33a, Udaletik.

260 eserleku

Herri Aretoak antzezleku azpian soto bat izanen du, entsegu gunea, kamerinoa eta komunak izanen dira. Areto nagusiko solairuan 192 eserlekuz osatutako aretoa ez ezik, antzezlekua, atondoa, makineria-gelak, komunak... ere eraikiko dira. Lehendabiziko solairuan, berriz, 68 eserlekuko eremua, banalekua eta instalazio- eta kontrol-gelak eginen dituzte. Hala, aretoak 260 eserleku izanen ditu, behar diren instalazio eta segurtasun neurriekin osatu eta babestuak.

Eraikinaren berrikuntza-lanak lehenik eta ekipamendua gero

Lanak bi fasetan eginen dira. Lehendabiziko fasean berrikuntza lanak –zaharkitutako azpiegiturak bota eta berriak eraiki eta ingurua urbanizatzeko lanak– eginen dituzte eta bigarren fasean ekipamenduari dagozkionak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun