'Negun Atekan hotzik ez' abenduaren 20tik urtarrilaren 4ra Leitzan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 18a, 07:50
2012an Orantzaroaz hitz egiteko bildu ziren. Aurten, abenduaren 20an, berriz bilduko dira.

Ostegunean, 18:30ean, Orantzaroari buruzko hitzaldiarekin hasi eta urtarrilaren 4ko Soma Cult taldearen kontzertuarekin itxiko dute Eguberrietako egitaraua

Aurten ere 'Negun Atekan hotzik ez' egitaraua antolatu dute leitzarrek. Atekabeltz gaztetxean denetariko ekitaldiak izanen dituzte: hitzaldiak, magia ikuskizuna, tailerrak, pintxopoteoa, kontzertuak. Abenduaren 20an hasiko dituzte ekitaldiak eta urtarrilaren 4an emanen diete amaiera. 

 

Alke kultur elkartearen eskutik, Orantzaroari buruz hitz eginen dute ortzegunean, abenduaren 20an. 18:30ean zehaztu dute hitzordua. Igandean, abenduaren 23an, berriz, helduentzako Gezur gehiegi magia ikuskizuna izanen dute 20:30ean. Txoborro magoak eskainiko du eta sartzeko bost euro ordaindu beharko dira. 

Abenduaren 26an, asteazkenean, gaztetxoek hartuko dute lekukoa. Talo tailerrerako osagaiak prest dituzte. Irin eta urez osatutako orea oratzeko irrikitan daude. 18:30ean hasiko dira eta ondotik, 20:30ean, joko mundiala izanen dute. 

Ekitaldiak ez dira 2018an bukatuko. Urtarrilaren 4an, ostiralean, pintxo potean bilduko dira, 19:00etan eta ondotik, 20:30ean, Soma Culten erritmora dantzatzeko parada izanen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun