Aranok ere pediatra zerbitzua eskatu du bertan bizi diren 30 umeentzat

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 10:59
Pediatria zerbitzua Goizuetan jartzea eskatu dute Aranoko guraso eta herritarrek ere.

Joan den otsailetik herriko familiek ordu 1 eta 40 minutu egin behar dituzte Leitzan artatuak izateko

Aranoko gurasoak elkarretaratzea egin zuten igandean herriko plazan, Osasunbideari Goizuetan, herritik 20 minutura, lehen zuten pediatra zerbitzua berriz ezarri dezala eskatzeko. Izan ere, Leitza eta Lekunberri artatuko dituen plaza bete den arren, Goizuetan ez da zerbitzua lehen bezala berrezarri, eta Aranoko familiak ere, Goizuetakoak bezalaxe, oraindik ere Leitzako osasun zentroraino joatera behartuak aurkitzen dira euren haurrak pediatra batek artatuak izango badira. Leitzara joan etorrian ordu 1 eta 40 minutu pasa behar izaten dute aranoarrek.

 

Aranon inoiz ez da pediatrarik izan eta zerbitzu hau Goizuetan jaso izan dute astean behin bi herrietako ehun bat haurrek. Nafarroan bezalaxe, ordea, Estatu osoan ere arazoa omen da pediatra eskasia, eta arazo hori dela eta, zaila dirudi Goizuetara, eta oraindik zailagoa Aranora, pediatra bat ekartzea. Baina,hau horrela izanda ere, Aranoko familiak Goizuetako protestak babestuz, pediatra zerbitzua Goizuetan mantentzea eskatzen dute, Aranotik Goizuetara 20 minutu direla kontuan izanda, hau bera nahikoa bide eta denbora badela salatuz, hain oinarrizkoa den zerbitzu batera aukera duina izateko.

Errealitate hau horrela bada ere, Aranok Gipuzkoarekin duen gertutasunak beste errealitate bat azaleratu du oraingoan ere. Horregatik, familia batzuk, Aranoko Udalari eskatu diote, Nafarroako Gobernuko Osasun Zerbitzuarekin negoziaketa bide bat ireki dezala, gaur egun Osakidetza eta Osasunbidearen artean dagoen hitzarmenean, Gipuzkoako anbulategietan pediatra espezialitatea eskatzeko aukera izan dezaten, hala beharko luketen zonaldeko familiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun