Euskal Herriko XI. Mus Txapelketako kanporaketa Leitzan larunbatean

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 19a, 07:00
Abenduaren 7an egin zuten aurkezpenean

Torrean zehaztu dute hitzordua, 17:00etan eta izena emateko bertara agertu eta 20 euro ordaindu beharko dira

Abenduaren 7an aurkeztu zuten Euskal Herriko XI. Mus Txapelketa Lizarran. Bertzeak bertze, helburua «Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko» helburuz ekin zietela adierazi zuten. Urtez urteko parte-hartzaile kopuruaren gorakada ere nabarmendu nahi izan zuten: «2009an 1.120 bikotek parte hartu zuten, 2018an, aldiz, 2.200ek».

 

Txapelketa, gutti goiti-beheiti Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen da –azarotik urtarrilera– eta nahi izatekotan norbere herrian antolatzeko aukera ere eskaintzen dute (informazioa esteka honetan). Aurten, kanporaketetako bat Leitzan jokatuko dute, Torrean. Abenduaren 22an, 17:00etan, dute hitzordua. Finala, berriz, Lizarran izanen da, martxoaren 19an.

50.000 euro baino gehiago saritan

Parte-hartzaile bakoitzari ematen zaion oroigarriez gainera, sailkapenean postua lortu dutenek ondoko sariak jasoko dituzte: irabazleek txapela, garai ikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzako bidaia (Karibera); txapeldunordeak 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia (Karibera); hirugarrenak 750 euro eta asteburuko egonaldia (lau lagunentzat); laugarrenak 500 euro eta euskaraz ikasteko bi matrikula (urte osokoak); 5., 6., 7., eta 8. postuetako bikoteek 250 euro eta 9. postutik 16.era bitarte sailkaturikoek 100 euro.

Izen-ematea

Izena emateko kanporaketa batean agertu eta 20 euro (bikote bakoitzeko) ordaindu beharko dira. Informazio gehiagorako edo jarraipena egiteko ondoko loturan: http://www.ehmus.eus/antolatu/

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun