Euskararen Egunerako egun osoko pesta antolatu dute Areson

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 30a, 07:28
Mahaiaren bueltan bilduko dira aurten ere Aresoko Euskararen Egunean.

Astelehen goizean kalejira eginen dute, bazkaria eta haurrentzat ikuskizuna izanen dute

Abenduaren 3rako, astelehenerako, egun osoko pesta antolatu dute Areson, Euskararem Egunaren harira. Haur, gazte zein helduek lagunartean biltzeko proposamena dute esku artean.

 

Goizean kalejira egingo dute  herrian barna, euskal kantak abestuz. Mahaiaren bueltan bilduko dira gero, banabarrak, kontsumo taldeak emandako aza, odolkia eta saiheskia eta postrea izango dira bazkaltzeko. 17:00etan Miruren  Olentzero Kuttun ikuskizuna izango da haurrentzat..

Herri osoarentzat antolatutako pesta izanik, lanerako ere denei egin diete gonbidapena: mahaiak jarri, banabarrak prestatu... ezin baita beti batzuek lan egin eta besteak jai. Bazkalondoan, mus txapelketa azkarra antolatu dute eta haurrentzat sorpresaren bat ere izango omen da. Pesta giroa soinean ere nabaritu dadin, baserritarrez janzteko ohitura berreskuratu nahi izan dute, jantzirik dotoreenari saritxo bat emango diote. Era berean, herritar askorentzat Euskaraldia borobiltzeko eguna ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun