Inoiz baino azienda gehiago plazaratu dituzte Goizuetako feria egunean

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 26a, 11:10

Plazan eta bazkarian protagonismo berezia izan duen betizuaren haragiarekin egindako gisatua jan dute 430 lagunek, egun borobilean

Umore Onak, Guraso Elkarteak, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, Goizuetako Talogileak eta Kultur Taldeak Udalaren laguntzaz antolatuta, feriaren hamabosgarren edizioa ospatu dute Goizuetan. Aurtengoan betizuak izan du protagonismo berezia, baina, oro har, inoiz baino azienda gehiago plazaratu dituzte. Argazkiak: Felix Loiarte

 

Azken urteetan bezala, aurten ere, betizuek indar berezia izan dute. Nafarroako betizuen erdiak eta Euskal Herriko betizuen ehuneko handi bat herrian daudela aintzat hartuz, ez da harritzekoa azienden bueltan betizuek hartzen duten garrantzia. Aurten, ordea, azienda erakusketan ez ezik, mahaian ere bere tokia hartu du. Hainbat azienda plazaratu dituzte eta behor eta ardiekin desfile berezia ere egin dute herriko kaleetan barna. Ehun postu inguru ere jarri dituzte plaza inguruan, eguraldiak lagundu baitu aurtengoan. Giza proban, herriko talde mistoa garaile suertatu da, Emarri emakume taldearen kontra egindako saioan. Bazkarirako 430 txartelak bi egun lehenago bukatu ziren, beste urtetan ez bezala. Parranda giro bikaina izan zen arratsaldean eta gauean. Egun borobila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun