Herritarrek erakundeetan duten partaidetzaren balioa azpimarratu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 16a, 13:57
Ezkerretik eskuinera: Ana Ollo, Mikel Zabaleta, Maite Iturre eta Eneka Maiz.

Esperientziak partekatzeko jardunaldiak Nafarroa iparraldeko eskualdeetako erakundeetako ordezkariak elkartu ditu 

Nafarroako mendi inguruko herritarren partaidetzari buruzko jardunaldiak egin dituzte azaroaren 16an, ostiral goizean Leitzan. Bertan, eskualdeko toki erakundeetako, elkarteetako, GKEtako, eta enpresetako eta sindikatuetako ordezkariek hartu dute parte. 

Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eta Maite Iturre Cederna-Garalur partzuergoaren presidenteak jardunaldia ireki ondoren, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilariak azaldu du Nafarroako hainbat herritan antolaturiko jardunaldi zikloaren helburua “zuen lurralde errealitatetik gertu dauden partaidetza esperientzia batzuk” partekatzea “eta, zuen inguruko erakunde, ekonomia eta gizarte arloko eragileekin Nafarroan eman ditugun aurrerapausoak eta erronka berriak aztertzea” dela, “gure agintaldia amaitu aurretik aurrera eraman nahi dugun politika publikoaren ebaluazioa egiteko”.

Ollok erakundeetan parte hartzearen balioa defendatu du, ez helburu gisa, “erabaki publikoak legitimatzeko, aberasteko eta haien eraginkortasuna hobetzeko” tresna gisa baizik. Kontseilariak azpimarratu du, baita ere, alde guztien inplikazioan oinarriturik egongo den erakundeen demokratizazioak “lagundu egiten duela berrikuntzan, egungo arazoen konplexutasunaren eta zalantzen aurrean”.

Kontseilariak, 2017ko ekainean onetsi zen Nafarroan Herritarren Partaidetza Bultzatzeko Plana gogorarazi du, Nafarroan alor horretan planifikatu den lehen dokumentua, “Gobernuari eta bere Sailei eta toki entitateei eta ekonomia eta gizarte arloetako beste erakunde batzuei zuzenduriko zenbait neurrirekin”. Jarraitu duenez, esparru horretatik sortu da duela denbora gutxi Parlamentura bidali den Partaidetza Demokratikorako Foru Legea “Programa Akordioan aurreikusiriko neurria”, hain zuzen ere.

Jardunaldiak, Javier Semberoiz Nafarroako Gobernuko Herritarren Partaidetza Sekzio buruak “herritarren partaidetza kudeaketa publikoan eta pribatuan” gaiari buruz eman duen hitzaldiarekin jarraitu du.

 

Tokiko esperientziak

Saioaren helburuetako bat betez, bertaraturiko pertsonek “Leitza Kontsumituz” Partaidetza Prozesua ezagutu dute. Foru Gobernuak Partaidetzarako Praktika On gisa aintzatetsi duen Leitzako Udalaren proiektua da. Markel Azkagorta Leitzako Partaidetza zinegotziak egin du aurkezpena.

Nafarroa iparraldeko udalek eta kontzejuek bultzaturiko beste esperientzien artean Udal mailako Lurralde antolamendua dago, Esteribarko alkateak aurkezturikoa. Lizoain-Arriasgoitiko Udaleko Kultura Batzordeko Txaro Beguék bere herriko Ondare Artistikoa Berreskuratzeko prozesua aurkeztu du. Eneka Maiz Etxarri-Aranatzeko alkateak, bere udalerrian herriko plaza zaharberritzeko ireki den prozesuaren berri eman du.

Udal esparrutik kanpo, Sakanako Garapen Agentziako Aintzane Iriberrik “Partaidetza publiko-pribatua. Lankidetza baino gehiago, lan egiteko kultura” izeneko ekimena aurkeztu du. Joseba Martínezek Pirinioen garapenean partaidetzak duen tokiari buruzko lana azaldu du. Ultzamako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetatik, Josune Santxok Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako lehenbiziko Planaren Ebaluazioa eta bigarrenaren gauzatzea azaldu ditu. Ana Iriartek Baztango Zaporeak elkartean izandako esperientziaren berri eman du.

Topaketa Nafarroako Gobernuak, Cederna-Garalur partzuergoak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak eta Leitzako Udalak antolatu dute.

Saioen zikloak denbora gutxi barru izango du jarraipena Garesen.

Toki Erakundeei dagokienez, FNMyC izenekotik saio orokorra antolatuko da, 2019. urtearen hasieran, proiektuaren balantzea egiteko eta jarraipenerako proposamenak biltzeko.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun