Mendialdeko parte-hartzeari buruzko topaketa eginen dute azaroaren 16an

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 15a, 10:39
Leitza Kontsumituz prozesuaren berri emanen dute

Udaletxeko Batzar Aretoan, 09:00etan

Gobernuak eta Cederna Garalurrek, elkarlanean, antolatuta, parte-hartzeari buruzko topaketa izanen dute azaroaren 16an. Mendialdeko toki entitateetako eta beste erakunde sozial, enpresatial eta aholku-emaile batzuetako politikariak eta teknikariak, unibertsitateak, tokiko garapen-agentziak, lanbide elkargoak, hedabideak, gai horrekin lotura duten adituak, sindikatuak... interesa duen beste edonork har dezake parte. Helburuak «herritarren parte-hartzeak duen garrantziaz hausnartzea, esperientziak aurkeztea eta proposamen batzuk bereiztea» izanen dira.

 

Egitaraua
09:00etan Mikel Zabaletak, Cederna Garalur elkarteko Maite Iturrek eta Ana Ollok eginen dute topaketaren irekiera. Segidan, Javier Asinen eskutik, Herritarren parte-hartzea kudeaketa publiko eta pribatuan izanen dute hizpide. 10:00etan Leitza Kontsumituz prozesua mahairatuko dute eta Markel Azkagorta izanen da hizlari. Segidan Mendialdeko udal eta kontzejuek bultzaturiko bertze esperientzia batzuk partekatuko dituzte. Atsedenaldiaren ondotik, 11:05etan, Mendialdeko bestelako entitateek sustatutako esperientziak aurkeztuko dituzte, tartean Baztango Zaporeak elkartekoa. 11:45ean Parte-hartze publiko eta soziala bulkatzeko aurrerapenak eta erronka berriak izeneko hitzaldia izanen dute. Entzuleei hitza emanez bukatuko dute topaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun