Umeentzako jokoek eta abesbatzaren doinuek girotu dute Goizueta asteburuan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 13a, 09:26

Azaroko kultur egitarauetan murgilduta daude goizuetarrak. Azaroaren 3an antzerki saioarekin eman zieten hasiera eta asteburuan ekitaldiak berrartu dituzte. Azaroaren 9an, ostiralean, Alu Ulu antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten; larunbatean umeentzako jokoak izan zituzten udaletxeko ganbaran eta igandean Umore ona eta Lartaun abesbatzen doinuek girotu zuten eliza. 

 

Ekitaldi gehiago

Ekitaldiek ez dute etenik izanen. Ostiralean alardeaz hitz egiteko hitzordua dute, 18:30ean, ganbaran. Heldu den asteburuan, hilaren 24an, berriz, Azienda Feria Eguna izanen dute. Hilabetea hilaren 30eko Gurean dokumentalarekin borobilduko dute. 

Abenduan Eguberrietako prestaketei ekinen diete. Abenduaren 15ean errege opilak egiten ikasteko ikastaroa eskainiko dute, 10:00etatik 13:00etara. Abenduren 22an nazioarteko jaia ospatzeko asmoa dute eta 30ean haurrentzako zinea izanen dute.

Azaro kulturala zena Kultur agenda izanen da aurrerantzean. Beraz, hortik aurrera bizpahiru hilabetero hilabeteko eskaintzak argitaratuko dituzte.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun