Leitza eta Aresoko ekoizlen azoka igandean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 7a, 12:26
Azokaren laugarren edizioa izanen da eta 30 ekoizle inguru bilduko dira. Argazkia: Artxibokoa

Ostatu eta jatetxeen eskutik, ostiralean pintxo-potea eta igandean menu berezia izanen dituzte

«Bertako produktu eta ekoizleei dagokien lekua emateko eta herritarrek bertako produtuak kontsumitzeko ardura hartzeko» helburuz, hogeita hamar bat ekoizle bilduko dira azaroaren 11n plazan. Animalia eta hegaztien erakusketaz gainera, udazken sasoiko produktuez osatutako salmenta postuak egongo dira.

 

Laugarren edizioak berrikuntzak dakartza. Izan ere, aurten Leitza eta Aresoko ostatu eta jatetxeek, bertako produktuen alde egiten ari diren apustua ikustarazteko, bi ekimen garatuko dituzte. Ostiralean, azaroak 9, bertako produktuen pintxo-potea eginen dute Leitzako ostatuetan. Azoka egunean, berriz, Leitza eta Aresoko ostatu eta jatetxeek bertako produktuekin osatutako Azoka Menua eta plater bereziak eskainiko dituzte. Bi ekimen horietako jatetxe eta ostatu parte-hartzaileek identifikagarriak izango dituzte.

Horrela bada, «guztion onerako izanen den elikadura eredu osasuntsu, burujabe, jasangarri eta justura» bidean urrats bat gehiago emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun