Zaintza-lanen balioari buruz kontzientziatzeko kanpaina abiatu dute Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 24a, 12:01
Kanpainaren irudia.

‘Ni zainduz, zu zainduz, gu zainduta’ izenburuarekin antolatu du Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun batzordeak abian jarri du kanpaina bat zaintza-lanen balioari buruz kontzientziatzeko. Kontuan hartu behar da lan horiexek direla bizitzari sostengua ematen eta etxeetako eguneroko funtzionamendua ahalbideratzen dutenak.

 

Kanpainaren helburua da jendea ohartaraztea zaintza lanen garrantziaz. Zaintza lanak ezinbestekoak baitira eguneroko bizitzaren funtzionamendurako eta pertsona guztien ongizaterako. Erabateko garrantzia dute, eta beharrezkoa da, gainera, elkar zaintzea eta zaintza-lanak berdintasunez banatzea, bizitza on bat izateko.

Nafarroan zaintza-lanak emakumezkoen jarduera izaten jarraitzen du. Emakumeen %91,3k eguneko lau ordu baino gehiago ematen du etxeko lanetan eta familia zaintzen; gizonezkoen %75,9k, berriz, bi ordu eta erdi, besterik ez. Gizonezkoek parte-hartze eta dedikazio portzentaje handiago izaten dute ordaindutako lanetan, ia zortzi ordu; emakumezkoek, berriz, sei ordu eta erdi. Ez dugu ahaztu behar soldata-arrakala, izan ere, emakumeek gizonek baino %28,4 gutxiago kobratzen dute. 

Emakumeek, diru-sarreren pobrezia gehiago jasateaz gain, denbora pobrezia handiagoa ere jasaten dute. Zer esan nahi du horrek? Emakumeak, gizonak baino askoz proportzio handiagoan aritzen direla etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Horrek beren buruari eskaintzen dioten denboraren murrizketa nabarmena dakar, hala nola, atsedenerako, aisialdirako edo prestakuntzarako. Denbora ongizatearen adierazleetako bat da, eta denbora falta adierazten duen kontzeptu horrek agerian uzten du denboraren erabileran emakumezkoen eta gizonezkoen artean dagoen ezberdintasun-arrakala.  

Familia unitateko kide guztiak, bereziki gizonezkoak, zaintza lanak berdintasunez banatu beharko lituzkete, horrek maskulinitatearen agindu kulturala kolokan jartzea esan nahi badu ere; bestetik, egungo sozializazio prozesuek sexuen araberako lan-banaketa betikotzera ekarri dutela errekonozitzea beharrezkoa da. Izan ere, horren ondorioz etorri dira emakumezkoen aisialdian, baldintza ekonomikoetan eta lan-aukeretan murrizketak. Beraz, prozesu horiek eraldatzeko esku-hartzea beharrezkoa da. 

Kanpainak irudi bat eta honako lelo hau dauzka: Ni zainduz, zu zainduz, gu zainduta. Mezua hainbat euskarritan zabalduko da, besteak beste, udalaren web orrian, sare sozialetan, ikastetxeetan ikasleei bokata eramateko banatuko zaien zapian, prentsa idatzian eta karteletan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun