Irailaren 29ko III. Leitzulirako prest daude txirrindulariak

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 20a, 11:38
42 kilometroko ibilbidea izanen dute Leitzako mendietan irailaren 29an.

Leitzako probarako izen-ematea zabalik da irailaren 23a arte www.kirolprobak.com orrialdean

Irailaren 29an, larunbatean zortzi, izanen da Leitzuliaren III. edizioa. 09:00etan abiatuko dira kirolariak, 42 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egiteko. Igandera bitarte izanen dute txirrindulariek izena emateko aukera. 

 

Leitzako plazan hasiko dute ibilbidea eta Leitza inguratzen duten mendi guztietan barrena ibiliko dira txirrindulariak: Frankiko zubitik Lapurren galtzadan barrena, Aizan eta Petriketa gainetatik pasata Uztarlekura jaitsi, Idiazabalerantz igo, Ihontza eta Uitziko gainetik Guratzera goititu eta Leitzako plazan bukatuko dute ibilbidea. Guztia prest dute dagoeneko. 

Ibilbidean ez da ez jatekorik ezta edatekorik ere faltako, bi anoa gune jarriko baitituzte; eta helmugaratzean ere izanen da zer dastatua. Antolatzaileek adierazi dutenez, «beste urte batez 300 txirrindulari inguru bilduko dira Mendibil BTT taldeak ospatuko duen proban}.

 

Izen-ematea

Orain arte izena eman ez dutenek badute aukera, www.kirolprobak.com webgunearen bidez. Parte-hartzaileek poltsa bat jasoko dute eta dutxatzeko, bizikleta garbitzeko eta zozketetan parte hartzeko aukera ere izanen dute. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte; ez federatuek, aldiz, 18. Igandea, hilaren 23a izanen da azken eguna.

Txirrindulariak ibilbidean dabiltzan bitartean, eguraldi ona bada behintzat, plazan trialsin erakusketa izanen da ikusgai.

Antolatzaileek larunbat ederra pasa nahi dutenei proba ez lehiakor honetan parte hartzeko deia egin diete. Era berean, ingurunea zaintzea eskatu dute: ´sortutako zakarrak ontzietan botatzea eskertuko genukeª.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun