Plazaola Natur Bideko III. maratoia irailaren 16an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 14a, 09:16

Iaz 659 korrikalarik parte hartu zuten bi probetan.

Korrikalariek 42 eta 26 kilometroko ibilbideak izanen dituzte aukeran

Irailaren 16an, igandean, Plazaola Natur Bideko III. maratoia eta XII. maratoi erdia izanen da. Aurreko urteetako ibilbide bera eginen dute korrikalariek, 42 eta 26 kilometrotakoa, hurrenez hurren. Maratoia Lekunberritik abiatuko da; eta maratoi erdia, berriz, Leitzatik, 09:00etan. Bata zein bestea Andoainen amaituko dira. Ibilbidea lineala eta beheranzkoa da; eta solido eta likidoen anoa-guneak izanen dira bost kilometroro. Larrialdi plana ere prestatu dute. 

 

Parte-hartzaileek asfaltorako zapatilak eramatea gomendatu dute (ez trail zapatilak) eta tunel luzeenak argiztatuta egonagatik, kopeta-argia eraman behar dela jakinarazi dute.

 

Izen-ematea

Joan den urtean 659 parte-hartzaile izan ziren probetan parte hartu zutenak eta aurten izen-emate kopuruak goiti egitea espero dute. Interesatuek www.maratonviasverdes.com webgunean eman dezakete izena.

Maratoi eta maratoi erdiaren bueltan ekitaldi gehiago izanen dituzte.

Goiz osoan Irurtzungo abere azokaren VI. edizioaren harira, aziendak eta artisau ekoizleen produktu onenak ikusi eta erosteko aukera izanen da eta egun berean Talo Egunaren XIV. edizioak girotuko du Leitza.

 

Bezperan azoka eta bisita gidatuak

Plazaolako Natur Bidea aitzakiatzat hartuta, bi zonaldeko artisau eta ekoizleak bilduko dira irailaren 15ean azokan. Aurten Andoainen izanen da eta datorren urtean Nafarroan (non erabakitzeke). 

Egun berean, Aralar mendizerrara bisita gidatuak eginen dira: Larraun ibaiaren iturburuan (Iribasen) eta Saien balkoian (Irurtzunen).

'Lurraren bihotzetik izarretara' programaren 2. edizioa ere egun berean izanen da. Horren harira, ilunabarrean Mendukillo kobazulora edo Aralarko San Migel santutegira  bisita gidatuak eskainiko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun