San Agustin Eguna ospatuko dute Artikutzan bihar

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 27a, 15:26
Jendetza biltzen da Artikutzan

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, bihar, abuztuaren 28an, Artikutzako ateak irekiko dituzte. Eskualdeko herritar aunitzentzat, Goizueta, Arantza edota Lesakakoentzat, adibidez, hutsik egiten ez duten hitzordua izaten da San Agustin Egunekoa.

08:00etan irekiko dituzte ateak eta egun osoan ekitaldiak izanen dira: meza, aizkoara, apustuak, harri-jasotzaileen arteko lehia... izanen dira, bertzeak bertze, jardueretako batzuk. 11:30ean pilota partidak jokatuko dira. Gazteen artean Aranburu eta Aburuza oiartzuarrak Salaberria eta Elgarresta herritar bikotearen aurka ariko dira; helduen artean, aldiz, Ugalde eta Etxeberria oiartzuarrak Aizkorbe eta Apezetxea goizuetarren aurka.

Bertaratzen denak izanen du zertaz gozatua, ez da eta egunero San Agustin txoko eder horretan sartzeko aukera izateko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun