«Txaranga, txistua edo trikitixa entzun orduko dantzan hasten naiz»

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 7a, 12:16

Mallo Agirre Zabaleta, Aurrera elkarteko kidea.

Mallo AGIRRE ZABALETA, Aurrera Elkarteko kidea

Bihotza, burua eta eskuak herrian dituen leitzarra da Mallo Agirre. Argi du herri ttikien mugimendua bermatzeko gakoa zein den: «auzolana». Dirurik ez duen herrian, borondatea da sekretua, eta berak berezko du hori: «niri kostatu ez eta gustatu egiten zait, beraz, normalean laguntzeko prest izaten naiz». Familiakoen urratsak segiz, gazterik sartu zen Aurrera elkartean: «gurasoak, osabak, attunak... Aurrerakoak izan direnez, laguntza behar zutenetan joaten hasi ginen». Hala, «18 urte inguru» zituela kide egin eta ordutik «pestak, inauteriak, Orantzaroa... antolatzen baita herrian izaten dituzten EHMEn, Sagardo Egunean... ere» laguntzen ibiltzen da. 

 

Otsailaz geroztik pestak antolatzen aritu da: «egitarauko zenbait kontu lotuta, azal lehiaketa bideratu eta pestetako Plazaola aldizkariari forma ematen» ibili dira. Egitarau aldetik, ez dute gehiegizko ardurarik izan, garai batean ez bezala, gaur egun antolakuntzan eragile dezente baitira: «Udalarekin, Alke Kutur Taldearekin, guraso elkartekoekin (eskolakoak eta institutukoak) eta Gaztetxeko gaztekin elkarlanean lan egiten dugunez, ideiak edukitzea eta herritar guztien gustua egitea errazago» dela adierazi digu.

 

Han eta hemen, lan eta gozamen

Egitarau zabala prestatu dute aurten ere, «egituran errotik aldatu gabe», aldaketa ttiki batzuk eginez: «astelehenean, Gazte Egunean, 13an, arratsaldean ez dira zezenak izanen. Horren ordez beraiek antolatutako bazkari, elektrotxaranga eta jokoak izanen dituzte. Bestalde, 14an, afal ondoko zezenak ere ez dira izanen». Aurrerakoek, urtero bezala, taberna irekiko dute eta horretan badute egitekorik: «txandak antolatu, gauez lan egiteko zerbitzariak bilatu, edariak eskatu, tokia apaindu...». Diru horrekin kontzertuak ekartzen dituzte, aurten, esaterako, La Jodederak eta Tocandos la polla taldeak.

Besta aurretik mugimendua izanen dute elkartean. Izan ere, Reparto Egunean egitaraua etxez etxe banatu eta eskean ibiltzen diren 80-90 lagunendako bazkaria prestatu eta zerbitzatu behar izaten dute. Azken egunean, berriz, bazkide bazkarian parte hartzen du. Bien bitartean, egunero-egunero txarangari egin beharreko ibilaldia zuzentzeko eta buruhandiak jantzi eta ateratzeko ardura ere izaten dute: «gainerako ekitaldiak, musika taldeak, zezenak... zinegotziek kudeatzen dituzte».

Antolatu ondotik ahal bezainbeste bizi ditu bestak Mallo Agirrek: «jeiki, elkartean zerbait falta den begiratu eta plazara joaten naiz, dagoena ikustera: herri-kirolak, txakolin dastaketa, dantzariak...». Musikaren bueltan nonahi ikusiko dugu «txaranga, txistua edo trikitixa entzun orduko dantzan hasten naiz». Familia giroan bazkalduta, «batzuetan izebaren etxean, besteetan amarenean, gurean...», arratsaldean, zezen garaian, «elkartean pote bat hartzen dugu, zezenak hurbil izaki, oso giro polita izaten baita». Eguna borobiltzeko, etxetik kanpo afaltzen du normalean.

 

Pesta erosoak

Soinu eta dantzak «erakartzen» du leitzarra, eta hain zuzen horren bueltako ekitaldietan ezin izaten du hutsik egin: «San Tiburtzio egunean, ezpata-dantzarien emanaldiari begira; azken egunean Ingurutxoa dantzatzen eta egunero txarangaren bueltan ikusiko nauzue». Egunez «ahal dudan ekitaldi guztietan» ibiltzen da, «ordu guztietan badago zerbait, tabernak ez dira ixten» eta hori inguruko herritarrentzat «erosoa da, ez baitira salduta gelditzen». Hori baliatuz ingurukoei pestez gozatzeko deia egin nahi izan die Mallo Agirrek: «ongi etorriak izanen dira, ongi pasa dezatela eta bereziki, errespetuzko pestak izan ditzagula» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun