«Herri-kirolak gustuko dituenak Leitzan badu gozatzeko aukera»

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 7a, 11:56

Gabriel Saralegi udaletxean. Bera izanen da aurten txupinazoa botako duena, ostiral arratsaldean.

Gabriel SARALEGI, txupinazoa botako duen herri-kirol sustatzailea

Leitzako Arro baserrian 1956an sortu eta «aziendaz inguraturik» hazia da Gabriel Saralegi, Saralegi anaietan zaharrena. Gaztetatik «kirola egiteko gogoa» bertatik bertara ikusi du sortetxean: «aizkolariak baserrian entrenatzen ziren gure aita zenarekin. Asko pasa izan dira gure etxetik: Patxi Astibia, Olasagasti, Mendizabal zena, Etxebeste, Agite...». Ikusi eta ikasi, urteak joan ahala, «herriko pestetan egiten diren harri-jasotzaile, aizkolari, lasterkarien saioaz gainera, ahari eta oilo apustuak, asto lasterketak... denetarikoak» antolatzen ibili izan da. 

 

Herri-kirolak sustatzen lan handia

Nafarroako Herri Kirol Federazioaren sortzailetako bat izateaz gainera, elkarteko lehendabiziko lehendakaria izan zen Saralegi. Federazio bat behar bezala kudeatzeak «lan eta buruko min asko eman eta ordu asko kentzen» baditu ere, «gainerakoen laguntzarekin» dena da egingarri: «estatutuak aprobatu, martxan jarri, txapelketak antolatu...» denetarik egin zuten. Donezteben zazpi probintzietako txapelketa bat egitea ere lortu zuten, ˜Hegoaldeko lehendabizikoa, lehenago Atharratzen egiten zutena». Aizkorak apusturik jokatu ez badu ere, txapelketetan gogor ibilia da. Areago, atzerritarrak etorri ziren lehendabiziko aldian «beraien saioa ikusita, egurra altueran jarrita mozten lehendabiziko ni hasi nintzen» adierazi digu. Arrakasta hartu zuenez, kanpoan ere asko ibilia da: Ameriketan, Japonen, Alemanian, Italian, Frantzian..., esaterako.

 

Hrrian auzolanean

Herri-kirolen bueltan ez ezik, herriko beste auzolanetan ere beti eskua luzatzen duen horietakoa da leitzarra: «errepide moldaketak eta mendi garbiketak eta antzeko auzolanak egiteaz gainera, alemanei, ingelesei, suediarrei... pagoa nola mugarratzen diren erakusteko saioak egin izan ditugu; Eguberrietako kabalkada, herriko bestetako ekitaldi batzuk... antolatzen ibili izan naiz, eta hori ere auzolana da».

Bai herrian, bai eta herritik kanpo ere herri-kirolak sustatzen eta auzolanean egin duen lanaren adierazgarri, eta herritarrek hala nahi izanda, aurten Leitzako pestetako txupinazoa botako du herri-kirolzaleak. Hasieratik, talogile, irakasle erretiratuak eta beraren artean botaketa eginen zela esatera joan zitzaizkionean «harrituta» gelditu omen zen; eta gerora, pestak antolatzeko bilkura egin zutenean, jaso zuen berria. Momentuan bertan «jokoz kanpo» gelditu bazen ere, «pentsatzen jarrita, jendeak egiten ditugun gauzak eskertzen dituela» ikusi du: «jendearen esker onak eta laguntzak aurrera egiteko indarberritu egiten gaitu; eta horrela herri-kirola bizirik mantentzen da». 

 

Hasiera borobila

Herritar askorentzat bezala, Saralegirentzat ere, herriko pestak txupinazo aurreko herri-kirol saioarekin hasiko dira. Hasieran inauterietan egiten zen saioa; gero pestetako azken egunean, baina bost bat lagun biltzen ginen; eta azken 25 urteetan pestetako bezperan «eguerdian egiten dugun saioan 50-60 lagun inguruk hartzen dugu parte. Ondotik, Udalak bazkarira gonbidatzen gaitu eta giro ederra izaten da; denak pozik ikustea ederra da».

 

Herri-kirolzaletasuna gainbeheran

Hasierako saio horretan kuadrilla ederra biltzen bada ere, duela 30 urte eginiko topaketa batean bikoitza baino gehiago bildu ziren: «orduan Leitza, inguruko herriak bezala, basamutilen herria zenez, plazan, estazio zaharrean, Altzuko zelaian, Plaza Zaharrean... denean aritzen ginen».  Etxe askotan zeuden jokatzen zutenak eta orduan Leitzan jaiotakoak eta bizitakoak bildu eta egur bana ebakitzeko hitzordua antolatu zuten: «130 lagun inguru bildu ginen» adierazi digu, «gaur hasiz gero ez genukeen inondik inora bilduko» gaineratuz. Baserri munduak behera egiteaz gainera dauden baserrietan makineria gailentzen dela eta esku tresnak galtzen ari direla argi du leitzarrak. Horrekin batera, herri-kirolzaletasuna gaibeheran doala azaldu nahi izan du, baina herrian bakarren batzuk eusten diete oraindik: «Ruben eta Eneko Saralegi, ilobak, Jon Rekondo...».

 

Aurten giza-proba

Tradizioari eusteko bezperakoaz gain izanen da beste ikuskizunik: «ardura hartzen dudanean, ekitaldia bukatu arte tentsio puntu bat izaten du eta tentsio une hori bukatzen denean hasten naiz pestaz gozatzen» adierazi digu. Aurten ere izanen du ardurarik. Izan ere, giza proba eginen dute: «askok uste baino harri handiagoak izanen dira erabiliko direnak». Baina pestetan ez ezik, Talo Egunean; eta neguan, beste hiruzpalau saio egiten dira. Beraz, «gustuko duenak Leitzan badu aukera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun