'Zuk aukeratu, zuk dantza egin' lehiaketa abian da Goizuetan eta Aranon

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 25a, 09:15
Giro ederra sortzea dute helburu lehiaketarekin.

Lanak uztailaren 31ra bitarte bidal daitezke eta sariak Goizuetako festetan banatuko dituzte

Goizueta eta Aranoko Prebentzio eta Berdintasun Batzordeak Zuk aukeratu, zuk dantza egin lehiaketa antolatu du hirugarren urtez. Lehiaketak denen artean festetan entzun nahi dituzten abestiak aukeratuz bilketa bat egitea du helburu. «Dibertigarriak, dantzatzeko modukoak eta giro ona sortzen dutenak, ez erasotzaileak» hautatzeko eskaera egin dute. Edonork parte har dezake, nahi beste kanta bidaliz. Abesti guztiak bilduz pendrive edo CD bat eginen dute, eta tabernari guztiei emanen zaie, festetan jartzeko eskatuz. 

Parte hartzeko

Uztailaren 31ra arte bidal daitezke, Whatsappez 681 265188 telefonora idatziz; Laga Gizarte Zerbitzua Facebookera idatziz; edo Twitter bidez (Laga Gizarte Zerb). Mezuan honako datuok bildu behar dira: parte-hartzailearen izena eta kontaktua, abestia eta abeslaria edo taldea. Nahi izatera, abestia bera ere bidal daiteke.

 

Sariak

Hiru sari banatuko dituzte: lehendabizikoari 90 euroko balioa duten kontzertu baterako sarrerak emanen dizkiote, bigarren eta hirugarrenari, berriz, 30 euroko erosketa-txartela. Liburu-denda batean gastatzeko izanen da.

Sari-banaketa abuztuan, Goizuetako festetan, eginen dute. Hala ere, antolatzaileek posta elektroniko edo telefono bidez jakinaraziko dute nor izan den. Antolatzaileek parte hartzeko deia luzatu nahi izan dute: «festetan giro polita sortzeko, dantza egiteko, ongi pasatzeko... musika behar dugu. Animatu, parte hartu eta zure aukera bidali» gaineratu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun