Egitaraua
Santiago Egunarekin hasiko dira festak. 11:00etan meza izanen da, eta ordubeteren buruan,12:00etan, txupinazoarekin lehertuko dira. 12:30ean Goizueta (Huizi eta Lizeaga) - Arano (Salaberria eta Apezetxea) pilota partidak jokatuko dituzte. Arratsaldean, 18:30ean, dantzaldia ikusteko; eta 19:30ean, Julio Soto, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzeren eskutik, bertso saioak aditzeko parada izanen dute herritar eta bisitariek.
Biharamunean atseden hartuta, ostiral arratsaldean segiko dute festan. 17:30ean haurren pilota partidak; 18:30ean txokolatada; 19:00etan zirku tailerra; eta 22:30ean mus txapelketa izanen dituzte.
Larunbatean, 11:00etako mezarekin hasiko dute eguna. 14:30ean, berriz, urteroko ohiturari eutsiz, arkumea bazkalduko dute. Bazkalondoan, Luzianoren eskutik, dantzaldiaz gozatzeko aukera izanen dute.
Igandean, uztailaren 29an, bukatuko dira bestak. Goizean goizetik feria izanen da. Gero, patata tortila lehiaketa egin eta dastatzeko tartea izanen dute; eta 18:00etan herri-kiroletan ibiliko dira. 21:00etako afari herrikoiarekin borobilduko dituzte bestak. Oroigarri gisa argazki herrikoia ateratzeko deia ere egin dute antolatzaileek.
Txartelak
Arkume jateko txartelak uztailaren 25a arte eros daitezke herriko Kontseju tabernan; Hernaniko Deportibon; Urnietako Kantoi tabernan; edota Goizuetako Amaia kafetegian (helduek 30 euro eta haurrek sei ordaindu behar dituzte).
Buruhandiak
Bien bitartean, uztailaren 25era arte, asteazkenero, 19:00etatik 21:00etara Maisuenean festetarako buruhandiak egiteko tailerra antolatu dute berriki sortutako Jalki kultur taldeko kideek.