Josetxo Urrutia leitzarrak irabazi du Nafarroako harrijasotze txapelketa

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 13a, 13:55

500 kilo baino gehiagoko aldea atera dio Albaro Zugarrondori

Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatu dute Leitzako Josetxo Urrutiak eta Iruñeko Albaro Zugarrondok, Iruñeko Sanferminetan, uztailaren 13an. Leitzarrak jantzi du txapela, denera 4.787,50 kilo altxatuz (zilindroari 18 altxaldi, kubikoari 11 eta bolari 13). Zugarrondok 4.225 kilo jaso ditu (zilindroari 16 altxaldi, kubikoari 10 eta bolari 11). Hiru harrirekin (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola) bina minutuko txandak egin dituzte.

 

Txapelketa ofizialaz gain, Iñigo Goienetxe amaiurtarrak lasto altxatze erakustaldia eskaini du eta Mikel Lasartek motozerra erakustaldia.

 

Bihar, emakumeen eta gizonen txinga txapelketak

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen txinga txapelketa erabakiko da. Arraiozko Daniel Saldias, Beunzako Mikel Eugi eta Berriozarko Oskar Aguas ariko dira gizasmeeetan eta Lesakako Xanta Sousa eta Iruñeko Estibaliz Gastearena eta Virginia Finol emakumezkoetan. Aizkoran erakustaldia eskainiko dute Donato Larretxeak eta Julen Kañamaresek eta harri-jasotzen Aimar Irigoienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun