1753. urtean Goizuetan idatzitako sermoi bat aurkitu dute

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 22a, 13:21
Sermoiaren lehen orriaren faksimila.

Ostiral Santuan, arratsaldeko mezan, irakurria izateko sortutako testuak Goizuetako euskaran idatzia dela dirudi 

Urtzi Reguero Ugartek, EHUko irakasle eta ikertzaileak 1753an Goizuetan idatzitako sermoi baten inguruko edizio kritikoa eta azterketa egin berri du. Ikertzaileak aitortzen duenez, «tesirako gauzak bilatzen ari zirela», sermoia «kasualitatez» aurkitu zuten, Eusko Legebiltzarraren Liburuklik atalean. Jatorrizko testua, berriz, Eusko Legebiltzarreko artxiboan dago. 

 

Bi hitz sermoiaz

Aurkitutako sermoiaren izenburuak islatzen duenez 1753an idatzi zen, Ostiral Santuan irakurria izateko. Testuan egilearen zantzurik ez badago ere, Regueroren ustez «litekeena da Goizuetako apaiza bera izatea». Izan ere, Jimeno Jurioren arabera, Nafarroan literatura landu duten idazleak elizgizonak izan dira, «herritarrei erlijiozko heziketa ematea» helburu dutenak. Garai hartan Joakin Ignazio Alduntzin zen bertako bikario, baina ez da parrokoaren berririk; beraz, badirudi Alduntzinek zuela parrokiaren ardura osoa. Bikarioak meza eman dezakeenez, zilegi da, beraz, Alduntzin izatea sermoiaren egilea. Nolanahi ere, hipotesi hau baiezta edo ezezta liteke, beharbada, Goizuetako eliz artxiboko orduko agirietan begiratuta.

Hiru ataletan banatutako sermoiak hogeita hamar paragrafo ditu eta Jesukristoren heriotzak Ama Birjiniari eginiko minaz dihardu.

Reguerok egindako sakoneko azterketaren arabera, goi nafarreraz idatzia dela esan daiteke: «ez dugu zuzenean Goizuetako euskararekin erkatu baina ez dirudi bertakotzat hartzeko zailtasunik dagoenik (...) 1825eko Goizuetako udal-ordenantzarekin erkaturik hizkera beraren aurrean gaudela pentsatzeko arrazoiak ditugu». Halere, «testuen arteko konparaketa sakonago bat egiteak zalantzarik gabe merezi luke», gaineratu nahi izan du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun