Leitzako Udala «guztientzat irisgarria, jasangarria eta segurua den herria» lortzeko mugikortasuna lantzen ari da azken aldian. Maiatzaz geroztik hainbat neurri hartu ditu, «trafiko arazoak moldatzeko, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eta oinezkoen segurtasuna bernatzeko» helburuz.
Aipaturiko azken lan-ildoari jarraiki, Udalak ibilgailuen «trafikotik libre egon daitezkeen» guneen azterketa egin du. Horrela bada, «pixkanaka aurrez aztertutako peatonalizazio aukerak aurrera eramaten» joanen direla jakinarazi dute. Lehendabiziko erabakia hartu dute dagoeneko: ekainaren 22tik aurrera behin-betiko peatonalizatiuko dute plaza.
Udalaren arabera, asteburuetan, plaza itxita dagoelarik, «herritar denak, baina gehienbat haurrak, libreki jolasten dira, kotxeen arriskurik gabe». Astez, ordea, «arrisku egoera dezente sortzen dira ibilgailuen joan etorri eta haurren jolasak direla eta». Hortaz, plazaren behin-betiko peatonalizazioarekin, «arrisku egoera horrek sahiestu eta haurrek eta gurasoek lasai egoteko espazio bat eskaintzea» dute helburu. Leitzan, orain arte, oinezkoentzako soilik gordetako leku bakarra izanen da beraz plaza. Erabakia hartu aurretik Udala plaza inguruko bizilagun eta zerbitzuekin bildu da. Bilkura horien bidez «sor daitezkeen berezitasun edo eragozpenak aztertu eta behar bezalako irtenbidea eman» nahi izan die.
Era berean, Udala jabetzen da «neurri hauek guztiak kontzientziazioarekin batera» garatu beharrekoak direla. Peatonalizazioaren neurri honek herrian barneko kotxeen erabilera murriztuko lukeela ere uste du Udalak; herritarrek dagozkien aparkalekuetan aparkatuko dutela autoa eta oinezko joerak gora egingo duela. Gainera, herritarren ongizatean eragingo duela adierazi nahi izan du: «plaza biziberrituko du eta, oinezkoek espazio publiko bat irabaziko dute».