Larreen Eguna izanen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 13a, 08:39
Lehen sektorearen ekarpena ezagutaraztea dute helburu larunbateko ospakizunarekin.

Telleria baserria bisitatuko dute, Mukarrainen geldialdia eginen dute aziendak jarretan ikusteko eta gosari txiki batekin bukatuko dute besta

Joan den urtean, Leitza Kontsumituz partaidetza prozesuan ekintza plana osatzeko bildutako ekarpenak honako helburuotara begira eraiki ziren: lehen sektorea eta bertako produktuak ikustaraztea; ekikadura burujabetzaren ikuspegitik hausnarketa egitea; eta bertako  produktuen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzea. Lehen sektoreko lanak ikustarazteko ekimenen harira, Bertatik Bertara dinamika osatzen duten Leitza eta Aresoko Udalak, LeitzEKO Kontsumo taldeak, ekoizleak... Larreen Eguna antolatu dute. Antolatze-lanetan Mendibil Mendi Taldearen eta Alke Kultur Elkartearen laguntza izan dute.

 

Egun horren helburua, ekitaldi didaktikoen bidez, lehen sektoreak Leitzan eta Areson urteetan egin duen eta gaur egun egiten duen ekarpen sozial eta kulturala balioetsi eta aitortzea eta paisaia eta lurraldea mantentzen egin duten lana ezagutaraztea da. Helburua asebetetzera bidean, egun osoko egitaraua antolatu dute. 09:00etan plazatik abiatu eta Telleri baserria bisitatuko dute. Bertan, besteak beste, ardiekin egiten duten lana ikusteko aukera izanen dute herritarrek. Ondoren, 12:30ean, Mukarrainen eginen dute geldialdia. Aziendak larreetan ikusteko ez ezik, mendi batzordeko kideen eskutik, larreen funtzionamenduaz eta beste hainbat kontuz hitz egiteko tartea hartuko dute. Nahi duenak autoz bertaratzeko aukera izanen du. Hasiera batean bertako ekoizleen produktuekin eginiko bazkaria antolatua bazuten ere, aurreikusitako kopuru minimora iritsi ez direnez, bertan behera uztea erabaki dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun