«Gakoa aurkarien jokoa iragartzea da»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 11a, 12:53

Iban Eskudero, Goizuetako gaztea

Nor da Iban Eskudero?
Goizuetako gazte bat, bidaiazalea eta friki samarra.


Zer zaletasun dituzu?
Informazio eta Komunikazio Teknologiak gustatzen zaizkit: ordenagailuak, mugikorrak, dronak... Bestalde, mendian, oinez edo bizikletaz, ibiltzea ere gustatzen zait.


Muslaria ere bazara...
Hamasei-hamazazpi urterekin, gaztetxean sartu ginenean, musean aritzeko zuten zaletasunak bultzatuta, halabeharrez ikasi behar izan nuen. Orduan arratsalde osoa musean pasatzen genuen... Gaur egun oso tarteka aritzen naiz.


Euskal Herriko Txapelketan 32 onenen artean... Zer sentitzen da hori entzutean?
Harrotasun puntu bat. Hainbeste bikoteri aurre egitea ez da erraza. Zortea alde izan genuen, eta horra hor zortearen emaitza!


Zein da muslari ona izateko sekretua?
Ez nukeen muslari ona naizenik esanen... Baina, nire ustez, aurkariak jokatzeko modua igartzean dago gakoa: asko arriskatzen duen, gezur asko edo gutxi esaten dituen jakinez gero...


Bikoteak elkar ulertzea ere garrantzitsua izanen da, ezta?
Noski. Alain eta biok elkarrekin jokatzera ohituak gaude. Nik segurutik jotzen dut, berak gehiago arriskatu ohi du. Horrela, batak bestearen gabeziak betetzen ditugu.


Txapeldunen aurka galtzea ez da erronka makala!
Neurri batean guri esker dira txapeldunak (irriz). Sekulako kartak heltzen zitzaizkien, eta horren kontra ez dago ezer egiterik. Beraien kontra galdu genuenean finalera iritsi eta irabazteko eskatu genien... eta halaxe egin zuten. Merezita irabazi gainera...!


Hurrengo txapelketaren batera begira hasi al zarete?
Herritik kanpo jokatu genuen lehendabiziko aldia izan da eta ez dut uste askoz gehiagotan aterako garenik. Baina hurrengo Euskal Herriko Txapelketara ziur joanen garela.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Lasaitasunak eta ingurukoak pozik daudela ikusteak egiten nau zoriontsu.


Inguruko txokorik politena?
Elama ingurua, Artikutzan dagoena, ederra da.


Amets bat?
Gustatzen zaidan hartan lan egitea eta horretatik bizi ahal izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun