Promozioak Gobernuko etxebizitzen atarian daude eta esleipena ekain hondarrean eginen bada ere, interesatuek aurrez eman beharko dute izena. Zehazki, promozioetarako izen-ematea bihar, ekainaren 1ean, akituko da. Hori horrela, Leitzako Udalak babes ofizialeko etxeetan izena eman nahi duten herritarrei erraztasunak eskaintze aldera, gaur udal bulegoa egun osoz irekiko du 08:00etatik 20:00etara.
Promozio eta etxebizitzen aukeraketa, berriz, bihar irekiko da, eta ekainaren 16ra bitarte egonen da zabalik. Hilaren 21ean behin-behineko esleipenak ateratzen direnetik, erreklamazioa egiteko 10 eguneko epea izanen dute eskatzaileek.
Leitzako babes ofizialeko 10 etxebizitzetatik seik hiru logela eta 90 metro koadroko azalera dute; beste bik bina logela dituzte (74 metro koadro); eta azken biak logela bakarrekoak dira (59,28 metro koadrokoak). Salneurri finkoko etxebizitzek ere ezaugarri berak dituzte.