VI. Euskal Herria Mendi Erronka ekainaren 2an eginen dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 30a, 12:23

67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute kirolariek larunbatean Leitzan.

Joan Mari Torrealdai omenduko dute 67 kilometroko probaren hasieran 

Larunbatean, ekainaren 2an, Leitzan izanen den Euskal Herria Mendi Erronkara begira daude kirolzale asko. «Euskal mendizaletasunaren nortasuna, mendi lasterketa, lurraldetasuna, ofizialtasuna, Plazaola natur gunea eta euskara sustatzea» helburu duen 67 kilometro eta 7.200 metrokoko gainbehera egiteko prest daude dagoeneko 720 kirolari. Proba hasi baino lehen, Joan Mari Torrealdai omnduko dute, eta haren bitartez, euskarari zabalduko diote omenaldia. orrealdai euskaltzale ekintzaile eta sustatzaile izateaz gain mendizalea ere badenez, haren bi zaletasunak batzen dira omenaldi honetan: mendia eta euskara.  

 

Lasterketa honek 67 kilometro luze eta 7.200 metroko gainbehera du. Leitzan hasi eta bukatzen da, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasatu ondoren, tartean Irumugarrieta (1.431 m) eta Ireber (1.208 m) igoko dituzte. Mendiz inguratutako herriak dira guztiak,  eta eskualde osoan kirol izaera oso errotua dago.

Duela 6 urte abiatutako mendi-lasterketa honek lortu duen arrakasta nabarmena da, parte hartzaile asko eta izen handikoak etorri izan dira: Iker Karrera amezketarra, edota Elena Calvillo Beasaindarra esaterako.

Distantzia luzeko mendi-lasterketa honek 10 anoa gune izanen ditu ibilbidean zehar eta igaro beharreko 6 kronometraje puntu.

EH mendi erronka ez da mendi lasterketa soila, aldarrikapen lasterketa bat baizik: euskal mendizaletasunaren nortasuna, mendi lasterketa, lurraldetasuna, ofizialtasuna, Plazaola natur gunea eta euskara sustatzea du helburu. 

 

Egitaraua

06:00etatik 07:00etara bitarte dortsalak banatu eta Joan Mari Torrealdai omenduko dute. 08:00etan plazatik abiatu eta Pagozelai, Gaintza, Albi, Putzuzar, Lekunberri eta Idiazabalen barna, hasierara itzuliko dira. Lehen korrikalariak 14:00 aldera iritsiko dira eta 15:00etatik 21:00etara lasterkariei paella eskainiko zaie. Sari banaketa 20:00etan eginen dute.

 

Bezperatik mugimendua

Egun handia larunbatean izanen bada ere, bezperatik mugimendua somatuko da herrian. 17:00etatik 19:30era bitarte dortsalak banatuko dituzte eta 17:00etatik 21:00etara kirol postuak izanen dira plazan. Bien bitartean, 18:30ean Salomon Sense Ride zapatillak probatzeko zazpi kilometroko ibilaldia eginen dute. Ondotik, 19:15ean El hombre que empezó a correr dokumentala izanen da ikusgai, Leitzako Batzar Aretoan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun