Mendialdea Mankomunitateak bere gain hartzen dituen garbiguneak eta materia organikoaren bilketa zein kudeaketaz arduratuko den langile bat kontratatzeko egingo duen deialdiaren harira sortutako ikastaroa da hilaren 14an, 21ean eta 28an eskainiko dena. Hori horrela, lanpostuan interesa dutenek eta hondakin kudeaketarekin erlazioa duen edonok eman dezake izena. Plaza kopurua mugatuak izanen dira, gehienez ere 25 lagunek eman ahalko dute izena. Mankomunitateak ikastaroan parte hartzen dutenei ziurtagiria emanen die.
Ikastaroa Natxo Irigoien Iriartek, NUPko irakasleak, eta Joseba Santxez Arizmendiarrietak, Mendialdea Mankomunitateko hondakinen teknikariak eta NUPeko kolaboratzaileak, eskainiko dute. Informazio gehiago nahi dutenek Mankomunitatera deitu edo info@mendialdea.eus helbidera idatziz eskura dezakete.
Egitaraua
Lehendabiziko saioan ekonomia zirkularrari eta hondakinei buruzko zertzelada batzuk eskainiko dira, pixkan-pixkan, Mendialdeko egoerari erreparatuko dietelarik. Bigarren saioan, ekainaren 21ean, hondakinen kudeaketari buruzko legedia, betebeharrak, sailkapena eta kudeaketa sistemak izango dituzte mintzagai. Azkenik, ekainaren 28an, besteak beste, puntu garbien funtzionamenduaz ariko dira. Era berean, biohondakinen kudeaketaz arduratzen den langilearen ardurak eta betebeharrei helduko diete, oinarrizko jakintza informatikoari tarte eginaz.